Emakumeek kirolean duten egoeraren diagnosia egiteko beka jarri du abian Udalak

2015/05/20

Herritarrekin batera osatu zen II. Berdintasun Planean zehaztutako ekintzetako bat da diagnosia egitea; Berdintasun Foroan erabakita beka baten bidez osatuko da

Iaz osatu eta onartu zen II. Berdintasun Plana. Udala eta Berdintasun Foroa ari dira plana pixkanaka-pixkanaka garatzen. Aurtengorako zehaztutako ekintzetako bat emakumeek kirolean duten egoeraren inguruko diasgonstikoa egitea da, eta hori aurrera eramateko argitaratu da beka.

Askotan, nabarmenak diren egoerez gain, ikusezin diren edota ikusi nahi ez diren desberdintasunak ere pairatzen dituzte emakumeek kirolean, eta horiek ikertu nahi dira beka horren bidez. Ondoren, egoera eta desberdintasun horiei buelta emateko neurriak hartzeko.

 

Beka gisa

Berdintasun foroan erabaki da beka baten bidez egitea diagnosi hori. Karmele Gomez teknikariaren hitzetan, “beka izatea erabaki zen edonork parte hartzeko aukera izateko; langile, ikasle zein langabetuek”. Bekara bakarka zein taldean aurkez daiteke, eta proiektuak ekainaren 12rako aurkeztu beharko dira udaletxeko erregistro orokorrean. Proiektu irabazleak 6.700 euro jasoko ditu 3 zatitan, eta ordainean,  uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartean gauzatu beharko du  diagnosia. Lanean ari den bitartean Berdintasun teknikariarekin jarraipen bilerak egingo ditu.

 

Beka eskuratzeko betehebarreko baldintzak

- 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru Laguntzei buruzkoak (2003ko azaroaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) 13.2 artikuluan xedaturiko baldintzetako batean dauden pertsonek ezingo dituzte jaso beka honen onurak. Taldeen kasuan, ez taldeak ez bertako kide bakoitzak, ezingo dira adierazitako debekuetan sartuta egon. (http://noticias.juridicas.com/base_datos/Admin/l38-2003.tp.html)

- Ezingo dute beka jaso Zumaiako Udalarekin edo haren mendeko erakunde autonomoekin nahiz entitateekin dituzten zorrengatik behartze bidez ordainarazteko hasitako prozeduretan daudenek, ezta ere Udalarekin zerga  obligazioak ordaintzeke izanez gero, harik eta zor horiek, benetan, ordaindu eta kitatzen dituzten arte; salbuespen bakarra izango da zorrak geroratuta edo epeka ordaintzeko izatea edo halakoen exekuzioan bertan behera utzita egotea.

- Unibertsitateko ikasketak: Erdi mailako edo goi mailako Unibertsitateko titulua izatea.

- EGA edo baliokidea izatea.

 

 

Bekaren inguruko oinarriak kontsulatzeko klikatu hemen.