Emakumeen aurka izandako azken egunotako indarkeria erasoak gaitzesten ditu Zumaiako Udalak

2011/08/30

Berdintasun Sailak gogorarazi nahi du emakumeen aurkako indarkeria dela gaur egun emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena, eta gisa horretako gertaerak gaitzestera deitu ditu herritarrak.

 

Zumaiako Udalak azken egunotan Euskal Herriko hainbat lekutan (Donostia, Bilbao eta Baiona) izandako emakumearen aurkako erasoak eta Baionako hilketa gaitzesten ditu, eta zumaiarrak eta orohar, gizarte osoa, gisa horretako indarkeria kasuen aurrean sentitzen duten gaitzespena adieraztera deitzen ditu.

 

Berdintasun Sailaren arabera, indarkeria mota hori emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat da, gaur egun indarrean dauden genero arauak aldatu ez ditzaten presio egiteko mehatxua. Zentzu horretan, gizarte guztiak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan duen erantzukizuna nabarmendu nahi du Zumaiako Udalak, eta borroka horretan tinko aritzeko eskatzen die herritarrei.