Eman izena Olarro Egunean lan egiteko
Olarro Eguneko txosnetan lan egin nahi duten taldeek abuztuaren 29a baino lehen eman beharko dute izena Turismo bulegoan. Aurten, Olarro Egunaren X. urteurrena ospatzen da, eta berezia izatea nahi du Zumaiako Udalak.
Gero eta gutxiago falta da Olarro Egunerako, eta Zumaiako Udala hasia da festak antolatzeko lanetan. Aurten, festa honen X. urteurrena ospatuko da, eta horretarako hainbat gauza berezi egingo dira. Hala, hasierako filosofiari eusten jarraitzeko asmo tinkoa du Udalak. Olagarroa oinarri eta aitzakia hartuta, festa egun parte hartzailea eta herritar zein bisitari orori irekia da. Festa integratzailea da, eta ez baztertzailea. Guztiak guztiekin, eskuz esku lanean aritzen dira herritarrak, eta hori oso garrantzitsua da Zumaiako Udalarentzat.
Herriko eragile ezberdinek txosnetan zein herri bazkarian lan egiten dute. Hori ere urtez urte lantzen joan da. Hasieran pare bat taldek hartzen bazuten parte ere, gaur egun, 7-8 taldek hartzen dute parte.
Izen ematea irekita
Hala, aurten lan egin nahi duten taldeek izena emateko epea irekita dute jada. Abuztuaren 29a arte izango dute izena emateko aukera, turismo bulegoan. Oinarriak edo bestelako informazioren bat nahi dutenek ere bertara jo beharko dute. Izen emate epea bukatuta, parte hartzaileekin (ezinbestekoa da talde bakoitzaren ordezkari baten parte hartzea bileran) abuztuaren 30ean, 19:00etan, Turismo bulegoan egingo da bilera.
Olagarroa oinarri
Festa honen oinarria gastronomia eta olagarroa dira, eta hori dela eta urtero lehiaketa gastronomikoa ospatu ohi da. Aurtengoan, Zumaiako elkarte gastronomikoei dei berezia egin nahi zaie lehiaketa horretan parte hartzeko. Herritar ugari ibili ohi dira elkarteetako sukaldeetan kazuela eta kutxara artean beren abilezia erakusten, eta horiei Olarro Egunean egiten den lehiaketan parte hartzeko deia egin nahi zaie.
Herria apaintzeko deia
Zumaia herri arrantzalea izaki, arrantzarako sarea herriko kultura, tradizio eta paisaiaren parte da edo izan da. Eta egun horretan urte luzez izan duen presentzia hori berreskuratu nahi da. Beraz, Zumaiako Udalak herritarrei dei egiten die Olarro Egunean etxeetako balkoiak sarez hornitzeko, sareak herriaren historian izan duen garrantzia aitortzeko. Era berean, Zumaiako Udalak bere eraikinak apainduko ditu.



