Eneko Dorronsororen ‘Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka’ filma eskainiko dute ostiralean Aita Marin

2010/09/27

Saioa ikusteko gonbidapenak bihar (asteartea) eta osteguna bitartean banatuko dituzte Forondan eta Aita Mari aretoan.

 

Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, ostiralean Zumaian eskainiko dute Eneko Dorronsore zinegile zumaiarraren ‘Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka’ filma. Bi saio eskainiko dituzte ostiralean bertan, bata 19:30ean eta bestea 22:00etan.

Aretora sartzeko, baina, gonbidapena beharko da eta bihar (asteartea) eta osteguna bitartean banatuko dituzte Forondan 11:00etatik 13:00etara, eta Aita Mari zineman 18:00etatik 19:30era. Gonbidapenak doakoak dira, eta guztiak banatuko ez balira, ostiralean bertan, Aita Mari zinemako leihatilan, emanaldi bakoitza hasi aurretik eskuratu ahal izango dira. Pertsonako, gehienez, lau sarrera banatuko dira.

 

SINOPSIA:

 

2007. urtea. Zumaia, kostaldeko herria. Negua da arraun elkartean; denboraldi berri baten prestaketan dira. Aurreko urteko emaitzak dituzte oraindik gogoan; datorrenaren ilusioak adina indar du joandakoaren oroitzak. Goren mailako ligan mantentzea lortu zuten. Eta Kontxako estropadarako sailkatzea. Datorrenari begira helburu beretsuekin dira. Baina traineru denboraldia udan jokatzen da, eta ordurarteko bidea ez da erraza izango. Entrenamendu gogorrak, konpetentzia; ez dago denentzat tokirik. Ergometroko probak, deskarteak... Tentsio hori guztia talde mailan eramaten jakin behar. Gainontzean trainerua ez baita aurrera joango.

Ttaup, ttaup, patroiaren ahotsera. Denek izan behar baitute bat. Hamahiru lagun, nork bere pisua eraman ezean zama bihurtzen da gainontzekoentzat. Guztiek joan behar baitute untzi berean. Jokinen birraitona arrantzara arraunean irteten ziren arrantzale haietako bat zen. Xabier patroiari aitonak, arraunlari izana hura ere, “ofizio txarra aukeratu duk!” esan omen zion.

Mikel entrenatzailearen semea da eta amak umetatik eskatu dio arraunean ez egiteko. Baina badu zerbait kirol honek, eguna lanean pasa ondoren, astean sei egunez, urtean hamaika hilabetez, arraun egitera bultzatzen dituena. Ni zumaiarra naiz, baina ez dut inoiz arraunean egin. Herriko Aita Mari arraun elkartean urtebetez bizitakoak kontatzen ditut dokumental honetan.

Neguko hilabete luzeetako lana, eta udako estropada gora-beheratsuetako sentsazioak. Haserako zalantzak, helburuak, ilusioa. Geroagoko ustekabeak, asmoak, esperantzak. Emaitza txarren gazia. Arrakastaren gozoa. Eta betiko ametsak. Aurten ere sailkatuko ote dira Kontxarako? Arraunean bezala, helmugari bizkarra emanaz. Denboraren distantziatik, atzera begira. Itsasoan traineruak uzten duen arrastoa. 2007ko denboraldi hura. Ttaup, ttaup, arraun kolpeka.