Energia kontsumoari buruzko eguna ospatuko da larunbatean Zumaian
Goizeko hamaiketan hasiko dira ekitaldiak Torreberrin eta egun guztirako egitaraua prestatuta dute. Ildo beretik, joan den astean herriko talde desberdinekin egindako lan-taldeetako landukoa aurkeztuko dute larunbatean.
Berde kolorea izango du larunbatak (martxoak 20) Zumaian. Izan ere, Udaleko Ingurumen sailak Zaramari elkartearekin lankidetzan, energia kontsumoa eta aldaketa klimatikoari buruzko eguna antolatu du. Helburua jendea energiaren erabilpenaren inguruan ohartaraztea izango da eta horrekin batera, norberak egin dezakeenaz kontzientzia hartzea.
Goizeko hamaiketan hasiko dira ekitaldiak Torreberrin eta egun guztirako egitaraua dago prestatuta. Erakusketak, praktikak, jokoak, bertako produktu ekologikoekin egindako pintxoak, berrerabilitako materialeko tresna energetikoak sortzeko tailerrak eta beste hainbat ekintza gauzatuko dira.
Herritarren tailerretan landutakoa erakusketan
Energiaren egunarekin batera, joan den astean tailerrak egin zituzten adin desberdinetako herritarrek. Guztira, bost tailer egin zituzten: haurrei zuzendua bata; nerabeekin egin zuten bigarrena; Gaztetxean elkartu ziren gazteekin; helduekin ere egin zuten lan-taldea; eta azkenik, hirugarren adinekoekin bildu ziren Beheko plaza elkartean.
Tailer horietatik ateratako panelen erakusketa larunbatean ikusgai egongo da Torreberrin. Tailerrei zein kanpainari buruzko informazio gehiago ondorengo helbidean aurkitu daiteke: http://zumaiakoenergia.blogspot.com/
Energiaren Eguneko egitaraua
Martxoak 20, Torreberriko aterpean
- 11:00-14:00 eta 16:00-18:00: Energia berriztagarrien eta tailerretako egindako panelen erakusketa.
- 11:00-14:00: Zarama.net Berrerabilitako ordenagailuak. Software librearekin praktikak (Ubuntu). Energia aurrezteko jokoak.
- 13:00-14:00: Bertako produktu ekologikoekin egindako pintxoak.
- 16:00-18:00: Berrerabilitako materialekin tresna energetikoak sortzeko tailerrak (8-14 urte).
- 19:00-20:00: REZIKLETASekin kalejira Erribera kalean. Berrerabilitako materialekin sortutako bizikleta musikalen ikuskizuna.



