Energia kontsumoaren eta aldaketa klimatikoaren inguruko kanpaina abiatuko du Udalak martxoan

2010/02/22

Adin talde desberdinen artean tailerrak egingo dira eta hilaren 20an izango da Energiaren Eguna.

 

Zumaiako Udalak, Zaramari elkartearekin batera, energia kontsumoaren eta aldaketa klimatikoaren inguruko kanpaina abian jarriko du datorren hilabetean. Helburua, jendea energiaren erabilpenaren inguruan ohartaraztea izango da eta horrekin batera, norberak egin dezakeenaz kontzientzia hartzea.

Andoni Etxaniz, Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “bi elementu nagusi” izango ditu kanpainak: “herritarrengan hausnarketa bultzatu nahi dugu batetik, eta bestetik, edukien lanketak herritarren parte-hartze zuzena izatea izango da helburua”. Gorka Rodriguez Zaramariko partaideak azaldu duenez, “helburu horiek lantzeko kanpaina desberdin bat garatzea izan da gure asmoa. Ez genuen nahi ekimena informazioa emate hutsera mugatzerik. Herritarren artean hausnarketa bultzatu nahi dugu eta horretarako parte-hartzean oinarritutako dinamika bat prestatu dugu”.

Tailerrak egingo dituzte adin talde guztietako herritarrekin. Horretarako, bost tailer egingo dituzte martxoko bigarren astean. Aurrenekoa, haurrei zuzendua izango da eta Ludotekan egingo da; bigarrena nerabeekin Torreberrin eta Gazteguneko begiraleen laguntzarekin; gazteena ere Torreberriko gaztetxean egingo dute; helduena hilaren 10ean izango da; eta hirugarren adinekoekin Beheko plaza elkartean egingo da energiaren inguruko tailerra.

Aitor Ibarguengoitia Udaleko Ingurumen teknikariak azaldu duenez, tailerretarako izen-ematea irekita dago jada: “Horretarako, Udaleko Ingurumen Sailera jo beharko dute gazteek eta helduek. Udaletxera bertara etorrita apuntatu daitezke, edota baita telefonoz 943 865033 telefonora deituta ere. Hirugarren adinekoen kasuan, berriz, Beheko plaza elkartean eskainiko da tailerra eta bertan eman beharko dute interesatuek izena”.

Martxoaren 20an, Energiaren eguna

Tailerrak ez dira izango, ordea, kanpainako ekimen bakarrak. Izan ere, martxoaren 20an Energiaren eguna egingo da Torreberri eraikinean. Erakusketak, praktikak, jokoak, bertako produktu ekologikoekin egindako pintxoak, berrerabilitako materialekin tresna energetikoak sortzeko tailerrak eta beste hainbat ekintza gauzatuko dira. Rodriguezen arabera, “ekintza dinamikoak izango dira, eta jolasaren bidez saiatuko gara ingurumena hobetzeko ideiak ateratzen herritarren eskuetatik”.

Ekimen horiekin batera, dagoeneko abian dago kanpainaren inguruko bloga sarean. http://zumaiakoenergia.blogspot.com helbidean aurkituko dute herritarrek eta kanpainaren lana jarraitzeaz gain, nahi duenak bere proposamenak plazaratzeko aukera ere badu erreminta horren bidez.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimenetan parte-hartu eta energiaren erabilpenaren inguruko kontzientzia hartzera: “zu zeu baitzara aldaketa klimatikoaren aurkako energia”.

 

Egitaraua

 

Tailerrak

 

- Haurrak: Martxoak 9, 17:30ean. Ludoteka.

- Nerabeak: Martxoak 11, 16:00an. Torreberri, Gaztelekuaren bitartez.

- Gazteak: Martxoak 11, 19:00an. Torreberri. Izena ematea: Udaletxean. Ingurumen teknikaria. 943 86 50 33.

- Helduak: Martxoak 10, 19:30ean. Torreberri. Izena ematea: Udaletxean. Ingurumen teknikaria. 943 86 50 33.

- 3. adina: Martxoak 10, 17:00an. Beheko Plaza elkartea. Izena ematea: Beheko Plaza elkartean. 943 86 27 41.

Energiaren Eguna, martxoaren 20an (Torreberriko aterpea)

 

- 11:00-14:00 eta 16:00-18:00: Energia berriztagarrien erakusketa. Tailerretan egindako panelen erakusketa.

- 11:00-14:00: Zarama.net. Berrerabilitako ordenagailuak. Software librearekin praktikak (Ubuntu). Energia aurrezteko jokoak.

- 13:00-14:00: Bertako produktu ekologikoekin egindako pintxoak.

- 16:00-18:00: Berrerabilitako materialekin tresna energetikoak sortzeko tailerrak (8-14 urte).

- 19:00-20:00: REZIKLETASekin kalejira Erribera kalean. Berrerabilitako materialekin sortutako bizikleta musikalen ikuskizuna.