Enpleguaren aldeko ekimenek emaitza positiboak eman dituzte

2018/02/02

Ildo horretan, Urola Kostako bost udalerriek bat eginik Mankomunitatearen bitartez ekonomia eta enplegua sustatze aldera eginiko apustu irmoa nabarmendu eta azpimarratu du Zumaiako Udalak. Udala halaber, herriko elektrikari eta igeltseroekin elkartu da urtean zehar Udalarekin elkarlanean egindako lanen inguruko balorazioa egin eta datozenetan haien parte-hartzea bultzatu eta lehenesteko.

Dagoeneko publiko egin dira 2017ko lan merkatuaren inguruko datu eta estatistikak eta ildo horretan, Urola Kostak eta kasu honetan, Zumaiak jaso dituzten datuak positiboki nabarmendu eta azpimarratzekoak dira.

Izan ere, Urola Kostako langabezia tasak behera egin du %8.97an eta Zumaiakoak, aldiz, %12.41. Datu horiei erreparatuz, bailara mailan iaz baino 154 langabetu gutxiago daude, horietako 68 Zumaian. 2017an, horrenbestez, Urola Kosta izan da Gipuzkoa mailan langabezia tasarik baxuena jaso duen bigarren eskualdea (%8.42); lehen postua Goierrik jaso du %8.39ko langabezia tasarekin, nahiz eta orokorrean, beherakada txikiagoa izan duen (%8.4).

Ildo horretan, Urola Kosta Udal Elkartea osatzen duten bost udalerriek enpleguaren alde eginiko apustu irmoa azpimarratu du Zumaiako Udalak. Izan ere, legealdi hasieratik nabarmen handitu dute guztiek ekonomia eta enplegu alorreko kontu saila eta indarrak batuta Mankomunitatera bideratzen dute urtero udal aurrekontuen diru kopuru garrantzitsu bat, bertatik tokian tokiko ekonomia eta enplegua bultzatu eta indartuko dituen ekimenak sustatzeko. Lan eta apustu bateratu horri esker garatzen dira, hain zuzen, hainbat laneratze programa, formazio ikastaroak, diru-laguntzak… “Urola Kostako udalerri guztiek gure bailarako azpiegitura eta baliabide anitz zein aberatsen aldeko apustua egin dugu eta orain egindako lanaren, esfortzuaren eta apustuaren fruituak jasotzen ari gara. Azken urtean langabezia tasak beheranzko joera hartu du bailaran eta hori guztiz poztekoa da”, azaldu dute Udaletik.

Herriko gremioekin elkarlana sustatuz

Zumaiako Udalak, halaber, herriko ekonomia eta enplegua suspertu eta Zumaiako enpresa txiki eta gremioen lan jarduera bultzatu eta leheneste aldera, elkarlan bideari heldu dio, herrian egiten dituen lanak aurrera eramateko garaian tokiko enpresa edota gremioen parte-hartze proposamenak lehenesteko helburuarekin.

Bide horretan, iaz egin bezala, herriko igeltseroekin bildu da aste honetan 2017an Udalarekin elkarlanean egindako lanen inguruko balorazioa egin eta 2018ra begira, hobekuntza proposamenak entzun eta jasotzeko.

Ildo beretik, Zumaiako elektrikariekin ere elkartu da, kasu honetan, IDAEtik jasotako maileguaren inguruan informatu eta mailegu horrekin herriko argiteria hobetu eta energia kontsumoa murrizteko egingo diren lanak esleitzeko egingo den lehiaketaren berri emateko.

“Udalaren jomuga nagusia da herriko ekonomia eta enplegua sustatzea. Azken datuei erreparatuz egungo egoera hobetuz doala ikusi dugu eta horri helduz, Udaletik eta Mankomunitatetik gogor lanean jarraituko dugu herritarrei lan aukera berriak eskaini eta orain arteko emaitzak mantendu eta hobetzeko”, amaitu dute Udaletik.