Enpresa antolatzeko eta kudeatzeko eredu berriak, partehartzean, konpromisoan eta konpetentzien kudeaketan oinarrituta

2015/01/13

Udal Elkarteak 2015ean zehar (otsailean hasita) bost proiektu bideratuko ditu eskualdeko enpresentzat, enpresa antolatzeko eta kudeatzeko eredu berriak lantzeko eta ezartzeko. Eredu horiek oinarritzen dira partehartzean, konpromisoan, kultura eraikitzailean eta konpetentzien kudeaketan.

 

Gaur egungo merkatu aldakorrari modu eraginkorrean erantzuteko ezinbestekoa da enpresak (organizazio gisa) eta langileek gaitasuna eta malgutasuna izatea arin eta era egokian egokitzeko eta aldatzeko. Horretarako, unean uneko gertaerei aurre egiten ibili beharrean, jarrera proaktibo batekin jokatzen jakiteko, erakundean kultura eta antolamendu sistema aldatu behar dira.

 

Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen garapena eta hazkuntzarekin duen konpromisoa dela eta, denboran iraunkorrak eta egonkorrak diren ekimenak landu nahi ditu, behin hazkuntza bidean hasita, etengabeko aurrera-pausuak egiten jarraitzeko.

 

Hori dela eta, 'Urola Kosta: giza kapitala ardatz, harreman modu berriekin etengabe berritzen doan eskualdea' proiektuaren baitan bost ekimen prestatu ditugu eskualdeko enpresentzat. Bost proiektu horiek "Gizarte mailan erantzulea den lurraldea sustatzeko programan" sartuta daude eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen ditu.

 

Hona hemen, beraz, bi hitzetan 2015ean zehar eskualdeko enpresentzat antolatu eta bideratuko ditugun bost proiektuak (otsailean hasita). Proiektu horietan enpresei aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua emango zaie aldaketa prozesuak bideratzeko.

 

1. Kultura eraikitzailea: helburua da enpresarentzat estrategikoa den lan eta antolamendu kultura eraldatzea eta sistema berria kultura eraikitzailean oinarritzea (Kultura: pertzepzio, sentimendu, jarrera, ohitura, sinesmen, balore eta erakundeko taldeen arteko interakziorako moduak).

 

2. Konpetentzietan oinarritutako kudeaketa sistemak: helburua da enpresan giza baliabideak kudeatzeko modua eta sistema aldatzea, sistema berria konpetentzietan oinarritzea eta langileen konpetentziak enpresaren estrategiarekin bat etortzea.

 

3.    Konpromiso eta partaidetzaren kudeaketa: pertsonen konpromisoa berreskuratzea faktore kritikoa da epe erdi eta luzera enpresa lehiakorra izateko. Erakundeetan konpromisoak zera dakar: errespetua, ahalegina, pertsonaren enpresarekiko lotura eta, batez ere, produktibitatearen eta emaitzen hobekuntza. Beraz, langileen konpromisoa gakoa da gure lurraldean behar ditugun erakundeen iraupena eta lehiakortasuna areagotzeko. Proiektu honetan konpromisoa landuko da.

 

4. Hazten ikasi: Hazkundearen alderdi kuantitatiboari begiratu izan diogu beti, baina ikuspegi kualitatibotik ere erreparatu behar zaio. Espiritu berritzailea duten enpresak behar ditugu, etorkizuneko ikuspegia dutenak, gizarte erantzukizuna dutenak eta euren ingurunearekiko sentiberak direnak. Proiektu honetan alderdi horiek landuko dira, Klaus North (Wiesbaden Business School) irakasle doktoreak landutako metodologiaren eskutik. Enpresek kudeaketa eredu parte-hartzaileago bat barneratzeko proiektua da; alegia, pertsonen gaitasunen garapenean eta proiektu estrategikoen kudeaketan lantaldearen ahalduntzean oinarritutako eredua.

 

5. Errendimendu Altuko Taldeak: Erakundeko erronka eta arazoei modu eraginkorragoan erantzuteko, taldeek trebetasunak bereganatu behar dituzte. Enpresarentzat garrantzitsua da talde bat izatea planifikazio estrategikoan nahiz arazoen konponketan erantzuten diona eta irtenbideak aurkitzen dituena. Alderdi hori landuko da proiektu honetan.

 

Informazioa

 

Proiektu horietan parte hartzeko interesa duten eskualdeko enpresek Udal Elkartearekin jarri behar dute harremanetan, informazioa jaso edo izena emateko.

 

Urola Kostako Udal Elkartea

943890808