ERAKUSLEIHO LEHIAKETA ANTOLATU DUTE ZUMAIAKO UDALAK ETA MERKATARI ETA OSTALARITZA ELKARTEAK

2016/11/22

Lehiaketan bi sari banatuko dituzte Eguberriei begira herriko denda eta saltokiek beren erakusleihoak apaintzeko egiten duten lana eskertzeko. Era berean, ekimen horren bitartez tokiko merkataritza eta ostalaritza indartu eta bultzatzea eta herritarrei gabonetako erosketak herriak egitera animatzea du helburu Udalak

Eguberrien atarian herriko denda zein saltokiek ahalegin berezia egiten dute haien lokalen erakusleihoak apaindu eta horiek Gabon giroan murgiltzeko. Horregatik, Zumaiako Udalak zein Merkatari eta Ostalaritza Elkarteak lan eta ahalegin hori eskertu eta saritu nahi ditu aurten.

Horiek horrela, elkarlanean erakusleihoen lehiaketa antolatu dute eta bi sari banatuko dituzte. Lehena, epaimahaiaren saria deritzona da eta Merkatari elkarteko kideei zuzenduta dago. Urtean zehar erakusleiho aldaketa bakoitzaren argazkia bidaltzeko aukera izan dute kideek, eta oraingoan Eguberrietako erakusleihoaren argazkia bidaltzea eskatzen zaie. Horrela, saria banatzeko garaian kontuan izango dira argazki horiek guztiekin lortutako puntuazioa.

Argazkiak zumaiaelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidali ahal izango dira abenduaren 12ra bitartean. Sari banaketa hilaren 30ean egingo da Merkatari Elkartearen topaketaren barruan eta irabazleak 200 €-ko oparia jasoko du.

Bigarren saria herritarren saria izango da. Kasu honetan, herriko denda eta saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute eta irabazlea aukeratzeko ezinbestekoa izango da herritarren inplikazioa eta partaidetza; izan ere, haien botoen arabera erabakiko baita saltoki sariduna. Horretarako, buzoi bana jarriko da parte hartzen duten saltoki guztietan eta bozka gehien jasotzen dituen dendak 200€ko oparia jasoko du. Lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik egongo da abenduaren 9ra bitartean, turismo bulegoan. Oinarri nagusi gisa, erakusleihoek abenduaren 9tik 31ra bitartean ikusgai egon beharko dute.

Era berean, botoa ematen duten zumaiarren artean beste 200 €-ko sari bat ere zozkatuko da. Sari banaketa abenduaren 31n egingo da Biko lasterketakoekin batera, eguerdiko 13:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan.

Ekimen horren bitartez Zumaia eta zumaiarrak Eguberri giroan murgildu eta erosketak herrian bertan egitera animatu nahi ditu Udalak, horrela guztion artean tokiko merkataritza indartu eta bultzatzeko.  

 

OINARRIAK

  • EPAIMAHAIAREN SARIA: 200€-etan balioztatutako oparia

Urtean zehar erakusleiho aldaketa bakoitzarekin argazki bat bidaltzeko gonbitea egin zitzaizuen. Argazki horiek jaso duten  puntuaketan nahiz parte hartutako ikastaroetan oinarrituko da sari honen emaitza. Azken bidalketa, Gabonetako erakusleihoarena izango da.

  1. Argazkiak bidaltzeko epea: abenduak 12.
  2. Bidaltzeko: zumaiaelkartea@gmail.com
  3. Sari banaketa: abenduaren 30ean izango da. Merkatari elkartearen topaketaren barruan.

 

  • HERRITARREN SARIA: 200€-etan balioztatutako oparia

Gabonetako erakusleihoak bereziki saritu nahi dira eta herritarren partaidetza eskatzen dugu horretarako. Bozkatzen duten guztien artean 200€ -ko balioa duen oparia zozketatuko dugu. Lehiaketa honetan parte hartu nahi baduzue oinarri hauek kontuan izan:

 

  1. Lehiaketa hau herriko establezimendu guztientzat zabalik dago (elkartekideak izan edo ez).
  2. Izen-ematea: Turismo Bulegoan (943 14 33 96 – turismoa@zumaia.eus ).
  3. Epea: abenduaren 9a bitartean.
  4. Erakusleihoek eta apaingarriek gutxienez abenduaren 9tik 31ra bitartean egon beharko dute.
  5. Epaia herritarren botoen arabera erabakiko da. Boto gehien dituen establezimendua izango da saritua.
  6. Parte hartzen duten denda eta establezimendu guztietan eman ahal izango da botoa.
  7. 200€ -ko balioztatutako oparia zozkatuko da bozkatzen duten herritar guztien artean.
  8. 200€ -ko balioztatutako sari bakar bat emango eta boto gehien jasotzen dituen establezimenduarentzat izango da.
  9. Sari banaketa 2016eko abenduaren 31an egingo da BIKO LASTERKETAKO sari banaketarekin batera, eguerdiko 13.00etan.

 

Zalantzarik izanez gero, jar zaitez harremanetan ondorengo kontaktuetan:

Turismo bulegoa: 943143396 – turismoa@zumaia.eus

Merkatari elkartea:   638004576 - zumaiaelkartea@gmail.com