Erkibe eraikina zumaiar guztiona izango da azkenik

2018/11/15
Eraikinak ondare ikuspegitik eta kokapen aldetik duen interesagatik abiatutako desjabetze prozedura amaitzear dago. Jabegoak 2.185.553 euro eskatzen bazituen ere, desjabetzearen ordaina 623.113,09 eurotan ezarri da, Arau Subsidiarioek eraikina ekipamendu komunitario soziokulturaleko sistema orokor gisa jasotzen dutela aintzat hartuta ezarri baitu epaileak eraikinaren balioa.

Atzo arratsaldeko 19:00etan ezohiko osoko bilkura egin zuen Zumaiako Udalak. Gai nagusia, Erkibe eraikinaren desjabetze prozeduran beste pauso bat emateko egin beharreko kreditu aldaketa izan zen.

Erkibe eraikinaren desjabetze prozedurak aspaldian hasitako ibilbidea amaitzear dago Udala ematera doan pauso berri honekin. 1991ean abiatu zen Erkibe eraikinaren desjabetzea, bai ondare ikuspegitik eraikinak berak herriarentzat duen balioagatik, baita bere kokapenagatik, herriarentzat duen interesarengatik, eraikinak erabilera publikoa izatea herriarentzat onuragarri zela iritzita. Arrazoi horiegatik jasotzen dute Zumaiako Arau Subsidiarioek Erkibe eraikina  ekipamendu komunitario soziokulturaleko sistema orokor gisa eta arau horiek oinarri hartuta ebatzi zuen epaileak desjabetzea ontzat ematea, jabeen eta Udalaren artean akordiorik erdietsi ez zenez, epaitegietan izan baita auzia.

Orain hilabete batzuk iritsi zen epailearen ebazpena eta dagoeneko epaia irmoa denez, Udalak, desjabetzearen ordaina egiteko diru partida bat kontsignatu beharra dauka. Jabegoak 2.185.553 euro eskatzen bazituen ere, desjabetzearen ordaina 623.113,09 eurotan ezarri da, Zumaiako Arau Subsidiarioek Erkibe eraikina  ekipamendu komunitario soziokulturaleko sistema orokor gisa jasotzen dutela aintzat hartuta ezarri baitu epaileak eraikinaren balioa.

Udal batzak aho batez hartutako erabaki honekin, Erkibe eraikina zumaiar guztiona izatea gertuago dago eta Udalak ondare ikuspegitik balio handiko eraikin berri bat izango du kokapen ezin hobean, erabilera publiko eta soziokulturalerako.

 “Gaurko erabakiarekin, aspalditik datorren auzi honi amaiera emateko gertu gaude eta ziur gaude Erkibe eraikinak erabilera publikoa eta soziala edukitzea zumaiar guztiontzat onuragarria izango dela. Eraikinaren aurreko lurzoruak, gainera, Eusebio Gurrutxaga plaza ikuspegi zabalago batekin birgaitzeko eta biziberritzeko aukera zabaltzen du etorkizunean”, azaldu zuen alkateak, Oier Kortak.