Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian du Euskara Zerbitzuak
Dagoeneko eguneratuta dago 2008ko errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak jasotzen dituen dokumentua. Euskara Zerbitzuak udaletxean dituen bulegoetara joz edo Udalaren webgunean (Euskara Sailean) begiratuz eskuratu daiteke.
2008ko errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da. Aurten ere, Euskara Zerbitzuak aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi ditu zumaiarrak. Gero eta gehiago dira diru-kontuetan ere euskara erabiltzen dutenak. Euskara Zerbitzuek igorritako datuen arabera, “2006ean Foru Ogasunarekin harremanak euskaraz izatea 276 herritarrek eskatu bazuten, aurten kopurua 705 izatera pasa da”. Dagoeneko eguneratuta dago 2008ko errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak jasotzen dituen dokumentua. Euskara Zerbitzuak udaletxean dituen bulegoetara joz edo Udalaren webgunean (Euskara Sailean) begiratuz eskuratu daiteke.
Euskara erabiltzearen aldeko kanpaina
Kanpaina bat antolatzen du Euskara Zerbitzuak urtero. Besteak beste, errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak biltzen dituen eskuorri bat kaleratzen dute. Azaldu dutenez, “emaitzak pozgarriak” izan dira: “Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten zumaiarren kopurua bikoiztu egin zen iaz (%6,5etik %11,9ra igaro zen) eta aurten %14,4ra iritsi da”. Datuak pozgarriak badira ere, “oraindik askoz ere gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak”.
Horri buelta emateko ari da lanean Udaleko Euskara Zerbitzua. Aitorpena egiteko “modalitate bat baino gehiago” dagoela azaldu dute, “eta guztietan egin daiteke zerbait diru-kontuetan ere euskara gehiago erabiltzeko”. Diotenez, “Zumaian ere aitorpena euskaraz egiten lagunduko duten establezimendu batzuk ere badaude. Ogasuneko langileak eta aholkulariak ondo prestatuta daude euskaraz erantzuteko eta lan egiteko”.
Aitorpenak apirilaren 21etik ekainaren 25era aurkeztu behar dira. Hitzordua eskatzeko eta kontsultak egiteko telefonoa berriz honakoa da: 902 100 040. Interneten aurki daitezke argibide gehiago, ondoko helbidean: www.gipuzkoa.net/ogasuna.



