Eska ezazu arrandegietan ere euskaraz
Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekimen jarri zituen abian, eta arrandegiekin elikaduraren inguruko denden hizkuntza paisaia euskalduntzeko kanpaina bukatu da.
Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko dendetako hizkuntza paisaia euskaldundu asmoz, arlo ezberdinetako dendetan kanpaina desberdinak egin dituzte, eta poster edo kartel ezberdinak banatu ditu. Azken kanpaina arrandegietan egin da, eta honen bitartez Zumaiako arrandegietan ere euskarazko salerosketa bultzatu nahi du.
Karteletan arrain mota ezberdinen euskarazko izenak ageri dira arrain mota bakoitzaren argazkiaren azpian. Hala nola, txitxarroa, lupia, platuxa edo txibiak bezalako arrainen argazki eta euskarazko izenak aurkitu ditzakegu karteletan.
Lehenago ogia euskaraz eskatzeko kanpaina egin zen, gero frutari egokitu zitzaion txanda, eta ondoren harategietara eman ziren kartelak. Orain arrandegiei tokatu zaie, eta honekin bukatutzat ematen da elikagaien dendetako hizkuntza paisaia euskaratzeko martxan jarritako kanpaina.
Beraz, badakizu, erosi Zumaian euskaraz.



