Eskerrik asko, ‘Geni’!
Buruak eta bihotzak eskerrak ematea besterik ez digute eskatzen. Eskerrik asko Maria Eugenia Doval 'Geni'ri, herriaren alde egindako lan guztiagatik. Orain gutxi utzi gaituen Genik eta bere amak, Pili Aizpuruak, San Pedro Txiki eta Txikienak abesbatzaren sorreran parte hartu zuten beste zenbait herritarrekin batera, 1990. urtean, eta ordutik, zuzendari lanetan aritu izan da Geni. Urte askoan aritu da herriko kultur arloa aberasteko lanean, eta horregatik jaso zuen Zumaia Saria 2001. urtean, abesbatzak. Ehundaka izan dira bere zuzendaritzapean kantuan aritu izan diren herritarrak, eta askoren bizitzako pasarteen soinu banda jarri edo irakatsiko zien Genik. Eskertzekoa da Zumaian eta zumaiarrentzako egindako lan eskerga. Abesbatzarekin egindako bidaia eta irteeretan herriaren izena han eta hemen zabaldu eta ezagutzera ere eman zuen. Musika Patronatua, Zumaiako Udala eta Kultura Departamentua harro gaude azken urteetako ibilbidea Genirekin batera egin izanaz. Harro, herritik eta herriaren alde egindako lan guztiagatik. Geni, hori guztia eta gehiago dugu zuri eskertzeko. Ohore bat izan da zurekin bidea konpartitzea, eta bide horretan jarraituko dugu lanean.



