Eskerrik asko euskararen asteko ekintzetan parte hartu duzuen guztioi
Euskararen Aholku batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkie Euskararen asteko ekintzetan parte hartu duten herritar eta eragile guztiei.
Hainbat herritar bildu dira ospakizun hauen ingurura, batzuek Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 25. urteurrena ospatzeko irakurketan parte hartu zuten; hala nola, herriko ikastetxeek, AEK euskaltegiak, Pulpo eskubaloi taldeak, eta beste hainbat herritarrek. Eta nola ez, Zumaiako onenaren saria irabazi duten zumaiarrak ere han izan genituen, batzuk zuzenean eta beste batzuk bideoan.
Euskararen aldeko argazki panela osatzen ere parte-hartze handia izan da, ikastetxe, elkarte, eragile eta norbanako asko izan dira “Euskaraz bizi nahi dut” leloarekin argazkiak bidali dituztenak, eta Distira elkarteko eta Txinpartako kideei esker, kalean ere argazki dotoreak atera zituzten. Gaurtik aurrera facebooken Euskara&hezkuntza orrian ikusgai izango dira denak.
Eta larunbatean ere jendetza bildu zen euskararen alde saltaka egitera, bai eta hori guztia antolatzen laguntzera ere. Eskerrik asko, beraz, Musika eskolako trikitilariei, Inpernupeko joaldunei, Erkibe kultur elkarteari, Jon Urbietari, San Pedro Abesbatzari, Astindu dantza taldeari, Bertso Eskolari, ZUGAri eta Zumaiako kantuzaleei. Eta nola ez, eskerrik beroenak larunbatean eta gainerako egunetan gurekin batera lanean jardun ziren guztiei ere. Zumaiarrok erakutsi dugu euskaraz bizi nahi dugula eta denon artean lortuko dugu!