Eskola kirola: hezkuntza, osasuna eta komunitatea
Herriko ikastetxeen, kirol elkarteen eta Udalaren arteko elkarlanari esker garatu den eredua da, eta gaur egun ere parte-hartzea eta komunitatearen inplikazioa ezinbestekoak dira haren etorkizuna bermatzeko. Ekainaren 7ra artean eman daiteke izena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak, herriko ikastetxeek eta kirol klubek familiei dei egiten diete 2026-2027 ikasturterako eskola kirolean izena ematera. Izen ematea ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.
Eskola Kirola jarduera fisikoa sustatzeko programa izateaz gain, haurren garapen integrala bultzatzeko hezkuntza-proiektua da. Kirola, jolasa, osasuna, euskara, elkarbizitza eta balio hezitzaileak uztartzen ditu, haurrek kirol modalitate ezberdinak ezagutu eta esperimentatzeko aukera izan dezaten.
Zer eskaintzen du Eskola Kirolak?
Eskola Kirolaren bidez, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek kirol ohiturak garatzen dituzte, baina baita bizitzarako garrantzitsuak diren bestelako gaitasun eta balioak ere:
- Talde-lana eta lankidetza.
- Errespetua, enpatia eta elkarbizitza.
- Ahalegina eta autonomia.
- Galtzen eta irabazten jakitea.
- Genero-berdintasuna eta inklusioa.
- Osasun fisiko eta emozionalaren sustapena.
- Euskarazko harremanak eta aisialdia.
- Herriko eta inguruko haurren arteko harremanak sendotzea.
- Natura eta inguruarekiko harremana eta errespetua.
Helburua ez da haurrak kirol bakar batean goiz espezializatzea, baizik eta hainbat kirol ezagutzeko aukera ematea, etorkizunean gustukoen duten jarduera fisikoa edo kirola aukeratu eta ohitura osasungarriak mantendu ditzaten.
Elkarlanean oinarritutako eredua
Zumaiako Eskola Kirola herriko eragile askoren arteko lankidetzaren emaitza da: Gipuzkoako Foru Aldundia, Udala, ikastetxeak, familiak, guraso elkarteak, monitoreak eta kirol elkarteak. Elkarlan horri esker, azken urteotan eskaintza zabaldu eta aberastu da, haurrek kirol modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dezaten.
Gaur egun, besteak beste, honako jarduerak lantzen dira edo ezagutzeko aukera eskaintzen da:
- Futbola
- Saskibaloia
- Eskubaloia
- Mendizaletasuna
- Igeriketa
- Judoa
- Arrauna
- Piraguismoa
- Pilota modalitateak
- Hockeya
Herriko kirol-sarea indartzeko aukera
Eskola Kirolak multikirol ikuspegia sustatzen du, eta haurrei kirol desberdinak probatzeko aukera ematen die. Horrek, ondoren, herriko kirol klubetan parte hartzea erraztu dezake, eta, aldi berean, Zumaiako kirol egitura indartzen laguntzen du.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalak, ikastetxeek eta kirol elkarteek garrantzitsutzat jotzen dute herriko haurrek Eskola Kirolean parte hartzen jarraitzea, bai haurren garapen integralerako, bai herriko kirol-sarearen etorkizunerako.
Izen-ematea, zabalik
2026-2027 ikasturterako izen-emate epea zabalik dago, eta ekainaren 7ra arte eman ahal izango da izena. Programaren prezioa 45 eurokoa da, eta hezkuntza-beka jasotzen duten haurrentzat doakoa izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumaiako Udalak, herriko ikastetxeek eta kirol elkarteek familiei parte hartzeko gonbita egiten diete.



