Eskualderako foro sozio-ekonomikoa sortu dute udalek eta Udal elkarteak Elkarlanean
Datozen hilabeteotan aurrera emateko hiru pauso zehaztu dituzte, eskualdeko egoerak hobera egin dezan.
Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa nolakoa den jakitun, eskualdeko udalek eta Udal Elkarteak elkarlanean foro soziekonomikoa osatu dute. Izan ere, eskualdeko lantegien itxierak eta jendea langabezian egoteak ez duela herria soilik ekonomikoki pobretzen uste dute: "geure ongizatea kaltetzen du, herri izaeran eragiten du, herri eta eskualdeak ahultzen ditu, elkarbizitza sano eta egoki bat oztopatzen digu guztioi", azaldu dute.
Horregatik, Urola Kostako Udal Elkarteak enplegu sustapenean ahalegina biderkatzeko, eta norabide horretan, enpresa, langabetu eta bestelako erakundeekin plan bat diseinatzeko ardura azkartzeko hautua egin du.
Eskualdeko udal ordezkariek Udal Elkartearen bidez eta orain dituen baliabideak biderkatuz, eskualde osorako foro sozio-ekonomiko bat sortu du, Lanbideren dirulaguntzarekin. Zumaiatik hasi eta Oriora, Aia, Zarautz eta Getaria barnebilduz, herrietako ezaugarriak kontuan hartuz, baina eskualde zentzua emanez planari, berezitasunak aukera bezala baliatuko dituzte eta elkar osatuz arituko dira, jendea langabezian gera ez dadin eta lanean daudenek ez dezaten kanpora joateko beharrik izan.
Plan horren bidez, epe labur, ertain eta luzera begira, enplegua sortzea helburu, ekintza plan bat diseinatuko dute, egun gauden testuinguru ekonomiko larria arintzeko bidean, eskualdeko herritarrentzat eskualdeko enpresetan lana sustatzeko.
Horretarako, hiru urrats mugarri aurreikusi dituzte hurrengo hilabetetan aurrera eramateko.
1. Eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosi bat egitea, egoera zehatzaren deskribapena izateko.
2. Enplegua sortzeko bidean, proposamen ezberdinak aztertuko dira foro-sozioekonomikoarekin eta agente ekonomiko ezberdinekin.
3. Ekintza planean garatu beharreko proiektu zehatzak aurkeztea.
Udal Elkartea udalekin elkarlanean arituko da, beste erakundeekin ere batera aritzeko zubiak irekiz.
"Hitzak albora utzi eta ekintzetarako, irtenbideetarako garaia dela uste dugu. Elkartasunetik, borondatetik, batera jardutetik helduko baikara konponbideetara. Ardura handiko zeregina da esku artean duguna, eta arazoaren neurrirako konponbidea aurkitzea eta erabakiak hartzea dagokigu. Guri, gauden lekutik, herritarrekin egotea, enpresa eta sindikatuekin elkarlanean aritzea, langabetuei alternatibak eskaintzea dagokigu, eta horretan ari gara, lehen bilera, pasa den astelehenean egin baikenuen", gaineratu dute.



