Eskuz binakako txapelketa profesionaleko partida bat jokatuko da lehen aldiz Zumaian

2018/12/21

Urtarrilaren 13an izango da pilota jaialdia eta eskuz binakako txapelketan Elezkano II eta Rezusta arituko dira Irribarria eta Zabaletaren aurka. Txartelak salgai izango dira egunean bertan 30 eurotan Aitzuriko leihatilan, baina aurretik ere internet bidez erosteko aukera izango da.

Azken urteotan Zumaiak pilotaren alde eginiko apustua berretsiz, beste berri on bat datorkigu Zumaiako pilotazaleoi. Zumaiak lehen aldiz hartuko du pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketako partida bat. Urtarrilaren 13an izango da, Aitzuri pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etan.

Mendizabal III - Erostarbe eta Jaka - Garmendia bikoteen arteko norgehiagokak emango dio hasiera pilota jaialdiari eta ondoren jokatuko da Elezkano II - Rezusta eta Irribarria - Zabaleta bikoteen arteko eskuz binakako txapelketako partida.

Txartelak Aitzuriko leihatilan 30 euroren truke erosteko aukera egongo bada ere, lehendik ere salgai jarriko dira internet bidez. Horretarako aski izango da https://proticketing.com/pelotavasca/eu_ES/tickets estekan sartzea, partida aukeratzea eta argibideei jarraitzea.