Esleitu da behin-behinean Txikierdi eta Arroa arteko bidegorriaren proiektuaren idazlana

2009/10/20

2008an hasi zen Udala auzoa herrigunearekin lotuko zuen proiektua lantzen. Aurreneko zatia idatzita dago eta urtea amaitzerako esleitu nahi dira eremu horretako lanak. Bigarren zatiaren idazlana esleitu du orain Foru Aldundiak.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak esleitu du behin-behinean Txikierdiko biribilgunea eta Arroa artean bidegorria egiteko idazlana. Esleipenaren prezioa 43.558,00 eurokoa izan da, BEZ barne eta Altair Ingenieria S.L enpresak idatziko du proiektua.

2008an hasi zen lantzen Zumaiako Udala Narruondo auzoa herrigunearekin lotuko zituen bizikleta eta oinezkoen bide zatia egiteko proiektua. Hasierako aurreikuspenak egin eta auzoa herrigunearekin lotzeko proiektuaren lehenengo zatia idatzi zen, Jadarretik Txikierdiko biribilgunerainokoa. Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren arabera, “proiektua idatzita dagoela, urtea bukatu aurretik esleitu nahi dira lehen zati horretako lanak”. Ur-agentzien oniritzia jaso ondoren bideratuko da hori.

Bigarren zatia Aldundiaren esku

Proiektuaren bigarren zatiaren egikaritzeari lotuta, berriz, Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan hasieratik bertatik. Etxanizek azaldu duenez, “bi administrazioek elkarlanerako prestutasuna erakutsi zieten elkarri hasieratik”.  Aldundiak, orain, bigarren zati hori diseinatzeko lanak esleitu berri ditu eta Narruondorainoko zatia egikaritzeaz gain, lanak Arroa auzoraino luzatzea aurreikusten da.