Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren salaketek ez dute etenik
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak salaketa bat baino gehiago jarri dizkio azken legegintzaldi honetan Zumaiako Udalari. Besteak beste, bandera espainiarra jartzeko
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak behin baino gehiagotan salatu du Zumaiako Udala azken legegintzaldian. Hainbat izan dira jasotako salaketak, eta azken aste hauetan beste salaketa bat eta bandera esoainiarra jartzeko azken abisua iritsi dira Udalera.
39/1981 legea oinarri hartuta, Euskal Herriko ehundaka udal bezala, bandera espainiarra udaletxeko balkoian ez zegoelako salatu zuen Urkijok Zumaiako Udala, eta 2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaiak bandera jartzera behartzen du. Hala, azken abisua iritsi da, eta asteazkenerako bandera jarri behar du Udalak.
Salaketa honen harira, ekaineko plenoan, Bildu, EAJ eta Aralarren botoekin honako 5 puntuko mozioa onartu zen:
1) Zumaiako Udalak adierazten du ez dagoela ados eta guztiz gaitzesten duela Udaletxeko fatxadan eta osoko bilkuren aretoan Espainiako bandera jartzeko inposaketa, Zumaiako herritarren gehiengoaren borondatearen aurkakoa delako.
2) Zumaiako Udalaren ustez, egitate horiek bereziki larriak dira egungo testuinguru eta momentu politikoan. Testuinguru honetan konponbideen etorkizuna -eta ez inposaketena- laguntzen duten jarrerak behar ditugu.
3) Zumaiako Udalak erabaki du plaka bat jartzea udaletxearen sarreran, honako inskripzio honekin: Udalbatzak 2014ko ekainaren 26ko osoko bilkuran adierazitako borondate demokratikoaren aurka, Espainiako bandera jarri da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaia betetzeko; hau dio epaiak:
Zumaiako Udala behartuta dago Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta eraikin barruan lehentasuna duen toki batean jartzera eta edukitzera.
4) Zumaiako Udalak Euskal Herriko ikurrin bat ezarriko du Foru Enparantzan, herri honen aitortzaren adierazgarri.
5) Zumaiako Udalak erabaki du akordio hau Zumaiako gizarte-eragileei helaraztea, egoki baderitzote adierazpena babestu dezaten.
Plenoan onartu zen bezala, Foruen plazan ikurrina eta udaletxe sarreran plaka urtarrilean jarriko dira.
Ez da salaketa bakarra
Bandera espainiarra jartzeko salaketa ez da Udalak azken legegintzaldi honetan jasotako salaketa bakarra, ordea. Azken abisu horrekin batera, jaso den salaketa azaroaren 9ko asteburuan, kataluniarrei babesa adierazteko Estelada balkoian izateagatik da. Horretaz aparte, nahiz eta ondoren bertan behera gelditu kontratazioetan euskararen inguruko irizpideak zehazteagatik ere salatu zuen Urkijok Udala 2013ko uztailean.
Eta etxetik urruti dauden preso eta senideei ematen zaizkien diru laguntzen oinarrien inguruko salaketa ere egin zuen.



