Estazio auzoan, ibaiaren alboan dagoen bidegorria eta espaloia konponduko ditu Udalak

2018/01/16

Aipatu lanak bihar bertan hasiko dira eta helburu dute oinezko zein bizikleten erorketa eta irristadak ekiditea. Halaber, auzo berean, tunelaren alboan dagoen iturria berriro martxan jartzeko konponketa lanetan dihardu Udalak.

Herriko zein herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna ardatz hartuta, oraingoan Estazio auzoan egingo ditu Udalak hobekuntza lanak, hain zuzen ibaiaren alboan dagoen bidegorri zein espaloian.

Izan ere, aipatu eremu hori nahiko kaltetuta dago, bertako zorua ez baitago behar bezala mailakatuta, eta horrek erorketak edota irristadak eragin ditzake bertan.

Hori aintzat hartuta, erorketa eta irristadak eragotzi eta bertatik pasatzen diren oinezko zein bizikleten segurtasuna bermatze aldera, bihartik aurrera, espaloia zein bidegorria konpondu eta mailakatzeko lanak egingo ditu Udalak, modu honetara, eremuko mugikortasun zein irisgarritasuna ere hobetuz.

Lanek irauten duten bitartean eremua itxi egingo da eta saihesbidea  jarriko da oinezko zein bizikletentzat.

Eta Estazio auzoko hobekuntza lanekin jarraituz, tunelaren alboan dagoen iturria martxan jartzeko lanak ere egiten ari da Udala eta horiek datorren astean amaitzea espero duela adierazi du.