Estazio auzoko bizilagunekin bildu da Udalak bertako hobekuntza gaien inguruan hitz egiteko

2018/10/03

Bilera horretan, auzotarren behar zein proposamenak jasotzeaz gain, eskaerei lehentasunaren arabera erantzuna emateko konpromisoa berretsi du Udalak.

Urte askotan zehar Estazio auzoan ez da inolako hobekuntza lanik egin eta ondorioz, gaur egun, auzoak hainbat gabezia edota hobekuntza premia ditu.

Egoera horri erreparatuz, 2017ko uztailean, Udalak bilera batera deitu zituen lehen aldiz bertako bizilagunak, auzoan hainbat lan egin eta haien beharrei erantzuna emateko borondatea aurkezteko.

Izan ere, zumaiarrak izanik udal jardunaren ardatz nagusia, herritarren beharrei erantzuna emate aldera, Udalak ezinbestekotzat jo du beti, bertakoen proposamen eta iradokizunak gertutik ezagutu eta jasotzea.

Eta helburu horrekin hain zuzen, uztailak geroztik beste bi saio egin ditu auzotarrekin, horietako azkena, duela astebete. Saio horretan, auzoaren zein bizilagunen momentuko beharrak ezagutzeaz gain, auzoan hobekuntza lanak egiten jarraitzeko eta jasotako eskaerei erantzuna emateko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zien Udalak bertakoei.