Estropaden lehia, asteburu honetan Zumaian

2010/07/28

Larunbatean KAE-2 Estropada izango da, eta igandean Eusko Tren Ligako emakumezkoen proba eta TKE norgehiagokak jokatuko dira.

 

Estropaden lehiak girotuko du asteburua Zumaian eta Maitane Urbieta kirol kazetariaren arabera, “berezia izango da aurtengoa: batetik, hiru estropada ikusteko aukera izango delako, eta bestetik, berriz, Zumaiako ikurrinaren 25. ekitaldia ospatuko delako”. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute asteburuko jardunaldia Luis Mari Goikoetxea Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakariak, Iñaki Agirrezabalaga alkateak eta Maitane Urbieta kirol kazetariak.

Larunbatean KAE-2 Estropada jokatuko da 12:00etan eta igandean bi kategoriatako arraunlariak ikusteko aukera izango da. Batetik, emakumezkoen Eusko Tren Liga jokatuko da eta bigarren urtez jokoan izango dute emakumezkoek Zumaiako ikurriña. Bestetik, gizonezkoen TKE Estropada jokatuko da Zumaiako uretan. Zumaiako XXV. Ikurriña lortzeko norgehiagoka estua izango da zalantzarik gabe.

Zumaiako Udalak aurten ere bere babesa eskaini dio jardunaldiari eta Iñaki Agirrezabalagaren hitzetan, “urteurren borobila beteko du Zumaiako ikurriña. 25 urtean aritu dira herriari giroa jartzen”.

Aparkalekuak Estazioan eta Saraunean

Estropadak ikustera etortzen den jende kopuru handia ikusita, antolatzaileek zenbait neurri hartzen dituzte urtero. Hala, jakitera eman dute autobusek ezingo dutela herrigunera sartu, eta horren ordez, Estazioan aparkatu dezaten eskatu dute. Autoentzako ere zenbait gomendio egin dituzte: “Sarauneko aparkalekua edota Estaziokoa erabiltzeko eskatu nahi diegu autoz datozenei”.