Etxean eta auzoan konposta egiteko 2014ko plana aurkeztu dute Udal Elkarteak eta Udalak

2014/03/26

2014an aurrera eramango diren ekintzak aurkeztu dituzte. Horien artean, bihar, martxoak 27, goizean Amaia Plazan egingo den bi edukiontziren karakterizazioa.

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zumaiako Udalak prentsaurrekoa eskaini dute etxean eta auzoan konposta egiteko 2014ko plana aurkezteko. Plan hori 2012-2013ko eskualdeko planaren jarraipena da, baina berrikuntza batekin, izan ere, 2014ko plana herriz herri aurkeztu eta garatuko da.

2014ko planaren barruan Zumaian burutuko diren ekintzak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean parte hartu dute Aitor Leitza Ingurumeneko zinegotziak eta Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

ETXEAN ETA AUZOAN KONPOSTA EGITEKO PLANA, 2014

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalek etxean eta auzoan konposta egiteko plana garatuko dute 2014an.

Planaren helburu nagusia da, batetik, erabiltzaile berriak lortzea, etxean konposta egiteko ezaugarri eta aukera duten ahalik eta etxebizitza gehienetan konposta egiteko, eta, bestetik, auzoan konposta egiteko gaur egun martxan dauden auzokonposta guneei jarraipena egitea eta eremu berriak martxan jartzea.

2014an proiektua herriz-herri garatuko da. Lehen herria Zumaia izango da eta, dagoeneko, hasi gara ekintzak batzuk lantzen.

 

KONPOSTAREN PLANA ZUMAIAN, 2014

Proiektu honetan Zumaian garatuko diren ekintza nagusiak hauek dira:

Hasiera, karakterizazioa: proiektuko lehen jarduera martxoaren 27an izango da (goizean zehar). Errefusa jasotzeko bi edukiontziren karakterizazioa egingo da Amaia Plazan. Helburu nagusia da herritarren arreta eta jakinmina piztea eta ikustea errefusaren edukiontzi horietan zer nolako hondakinak botatzen ditugun eta horietatik zeintzuk eta zenbat diren prebenitu edo birziklatu daitezkeenak. Gaur egun, nahiz eta birziklapen tasak gora egin, errefusaren edukiontzietara birziklatzera bideratu daitezkeen hondakin asko botatzen dugu. Beraz, jarduera honekin erakutsi eta azpimarratu nahi dugu oraindik asko dugula egiteko eta hobetzeko. Bereziki materia organikoari emango zaio garrantzia, izan ere, konpostajearen bitartez modu errazean prebenitu daitekeen hondakina da.

Etxeko konpostajearen ezarketa eta jarraipena: kanpaina bat egingo da etxean konpostagailua jartzeko. Bereziki landa eremuan egingo da lanketa, 2013an Udal Elkarteak egin duen potentzialtasun azterketa abiapuntu gisa hartuta. Etxean konpostagailua jartzeko ezaugarriak betetzen dituzten etxebizitzei eskaintza eta parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, modu pertsonalizatuan.

 Auzokonpostaren jarraipena: Zumaian gaur egun 104 familia ari dira auzoan konposta egiten. Auzoan konposta egiteko 6 eremu edo gune daude martxan. Udal Elkarteak egingo du eremu horien jarraipena. Horretarako, horretan aditua den teknikari baten bisita jasoko dute erabiltzaile horiek datozen hilabeteetan, gune bakoitza era egokian funtzionatzen ari dela bermatzeko eta zalantzak argitzeko.

 

Auzoan konposta egiteko eremu berriak: Zumaian auzoan konposta egiteko gune berri bat jartzea aurreikusten da. Horretarako izena emateko epea irekiko da, eta interesa duten herritarren arabera erabakiko da non jarri. Gune berri horrek ere konpostajean espezializatutako teknikariaren laguntza jasoko du.

 

ETXEAN ETA AUZOAN KONPOSTA EGITEKO PLANA UROLA KOSTAN ETA ZUMAIAN

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “etxean konposta egiteko” ekimena jarri zuten martxan 2005ean. Geroztik, urtez urte, hainbat ikastaro egin dira eskualdean. Kanpaina horien helburua da norberak etxean sortzen dituen hondakin organikoekin etxean bertan (lorategian edo baratzean) konposta egitea.

Ekimenaren hartzaileak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrak dira. Baldintza bakarra da etxean lorategi edo baratza izatea (konpostagailua kanpoan jarri behar da).

Partehartzaileei ikastaro bat ematen zaie (ordu eta erdi inguruko saioa), konposta egiten eta konpostagailua erabiltzen ikasteko. Horrekin batera, konpostagailu bat ematen zaie (familia bakoitzeko bat) eta erabiltzeko argibideen esku-orria. Ikastaroa eta konpostagailua doan dira.

2013ko abenduko datuen arabera, eskualdean 700 familia inguru ari dira konposta egiten, etxean duten autokonpostagailuaren bidez nahiz auzoetan jarrita dauden eremuen bidez.

Zumaiako datuak 2013ko abenduan

·  Etxean konposta egiten duten familiak: 87

·  Auzoan konposta egiten duten familiak: 104

· Auzoan konposta egiteko eremuak: 6 (Puntanueta, Oikia, Aita Mari, Kresala, Ardantzabide, Alai auzategia)