Etxebizitza babestu eta tasatuaren aldeko apustua berretsi du udal gobernuak

2018/07/06

Bide horretan, Torreagaberri hitzarmena aurkeztu du eta bertan jasotakoaren arabera, 50 etxebizitza babestu eta beste 50 tasatu eraikiko dira Torreagako eremuan. Aipatu hitzarmena datorren uztailaren 26ko osoko bilkurara eramango du udal gobernuak behin behineko onespena jasotzeko.

Zumaiarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzea eta alor horretan herritarren behar zein eskaerei erantzutea izan da, legealdia hasi zenetik, EAJ-PNVren udal gobernuaren helburu nagusietako bat eta horri lotuta, aurrez Zumaiak ezagutu duen etxebizitza babestu eta tasatuaren eskaintza berriro errealitate bilakatzea izan da gobernuaren lan ardatza.

Apustu horretan, hori lortzeko aurrera pauso garrantzitsua eman du Torreagaberri deituriko hitzarmenarekin.

Hitzarmen berri horrek Torreagako eremuan 250 etxebizitzen eraikuntza aurreikusten du, horietatik 50 tasatu eta beste 50 babestuak izango direnak. “Akordio berri honekin hitzarmenari izaera soziala eman diogu, horretarako etxebizitza babestu zein tasatua lehenetsiz. Horrela, negoziaketa eta prozesu honek urtetan zehar izan duen balio ekonomikoa alde batera utzi eta herritarren behar eta eskaerei erantzuna ematera bideratu dugu”, azaldu du alkateak.

Hitzarmen berri hau lortzeko bideak, ordea, luze jo du. Izan ere, urtetan zehar, Torreaga fundizio tailerra izan zen nagusi eremuan eta 2003-2007 urteen bitartean, orduko EAJ-PNVren udal gobernuak gogor borrokatu zuen horrelako jarduera kutsatzaile zein desatsegina herrigunetik kanpora eramateko.

Lehen hitzarmena

Hori lortzeko eta jabeek fundizioa herritik atera eta enpresa berria sortu ahal izateko, eremuari eraikuntza balioa ematen zion hitzarmen bat sinatu zen. Behin fundizioaren jarduera lekualdatuta, ABEE batek erosi zuen eremua.

Lehen hitzarmenak jasotakoari jarraiki, Torreagan egin behar ziren etxebizitzen %20a babestua eraikitzea agintzen zuen legeak, baina horiek bertan egin ordez, Zumaia Lantzenen jabegokoa zen Puntanuetako eremuan egitea erabaki eta jaso zen hitzarmenean, diru jakin baten truke. Tamalez, lanean hasi aurretik krisialdia heldu eta eraikuntza prozesua bertan behera gelditu zen.

2010ko birnegoziatzea

EH Bilduren agintaldian, udal gobernuak hitzarmena birnegoziatu zuen: krisialdiaren ostean enpresa sustatzaileak Udalari eman behar zion diru kopurua ordaindu ezin zuenez, hori alde batera utzi eta eraikitzekoak ziren 250 etxebizitza libre horietatik kopuru jakin bat Udalari ematea adostu zuten bi alderdiek, hau da, Udalak eta enpresa sustatzaileak. Akordioa eta etxebizitzen eraikuntza, ordea, bertan behera gelditu zen, krisialdi garai gordinean eskaintzen zen etxebizitza mota librea zelako eta herritarren aldetik ez zegoelako horien aldeko eskaerarik. ABEEak porrot egin eta lehiaketa publiko baten ostean, Torreagako eremua banketxe baten pean gelditu zen.  

2015-2019: Torreagaberri

EAJ-PNVren udal gobernua udaletxean sartzerako jada 8 urte inguru zeramatzan geldirik eremuak eta horri birbideratze aldera, hitzarmena berrikusteari heldu zion.

“Birnegoziatzeko garaian, herritarren beharrak eta etxebizitza arloan egun dagoen eskaera mota lehenetsi ditugu, gure helburua baita zumaiarretzat etxebizitza tasatu zein babestua berriro ere errealitate bilakatzea”, azaldu du alkateak, Oier Kortak. 

Hori lortze aldera, etxebizitza babestu eta tasatuaren eraikuntza lehenetsi ditu. Horrela, Torreagaberri akordioan jasotakoaren arabera, 250 etxebizitza eraikiko dira, guztiak Torreagan, horrenbestez, Puntanuetan hitzartuta zegoen eremua libre geldituko da. Gainera, Torreagako etxebizitza horiek ez dira, lehen bezala, guztiak libreak izango. 50 tasatuak eta beste 50 babestuak izango dira. Etxebizitza libre bezala, 150 eraikiko dira. Eta hori gutxi balitz, 1500m2ko lokal bat ere eskuratuko du Udalak bertan, ibai ondoan, itsas kirol elkarteei zuzentzea aurreikusi duena.

Amaitzeko, alkateak adierazi du eraikuntza prozesuak luze joko duela, aldez aurretik lan asko dagoelako egiteke: “Etxebizitza sustatzaileak bidalitako egutegiaren arabera, eraikitze lanak bi urte eta erdian hastea aurreikusita dago eta etxebizitza babestuena izango da eraikiko den lehen promozioa. Edonola ere, lehen urratsa, garrantzitsuena, emanda dago eta horri esker, etxebizitza babestu eta tasatua errealitate bilakatuko da, berriro, Zumaian”, amaitu du.