Etxebizitza beharraren inguruko azterketa egingo du Udalak
Udal gobernuko kideen esanetan, azterketa baliagarria izango da Udalak egin beharko duen etxebizitza politika diseinatzeko. Aztiker Jendarte Ikerketaren bidez egingo da azterketa eta guztira, 630 inkesta egingo dira, datorren astean bertan hasita.
Zumaiako Udalak etxebizitza beharraren inguruko azterketa egingo du Aztiker Jendarte Ikerketa erakundearen bitartez. Iñaki Agirrezabalaga alkateak azaldu duenez, “udal proposamenaren barnean, udal gobernuaren erronka nagusienetakoa da etxebizitza politika egoki bat aurrera eramatea, eta horretara bidean egingo dugu herrian dauden etxebizitza premien ikerketa hau”.
Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziaren esanetan, “etxebizitza politika egoki bat aurrera eramateko, beharrezkoa da herrian ze etxebizitza premia dauden jakitea”. Orain abiatuko duten azterketaren bitartez, “herritarrek ze etxebizitza, eta zein tipologiatakoak behar dituzten zuzenean” jaso nahi dute.
Emaitza kuantitatiboak jasoko dira batetik, eta horretarako, inkesta bidezko elkarrizketak erabiliko dira. Horrez gain, etxebizitzaren arazoaren inguruan herritarrek duten iritzia ere jasoko da. “Hori guztia, etxebizitza hutsaren inguruan egindako ikerketarekin batera, baliagarria izango da Udalarentzat etxebizitza politika egokia zehazterako garaian”.
Aztiker Jendarte Ikerketako Iñaki Iurrrebasoren arabera, “Zumaiako etxebizitza beharra aztertzea izango da inkestaren helburu nagusia. Gero, behar hori ezaugarritzea izango da hurrengo urratsa, alegia, ondorengo galderei erantzungo zaie: nortzuk dira beharra dutenak? (emakumeak/gizonezkoak, gazteak/zaharrak, maila ekonomiko altukoak/baxukoak…), ze premia mota daukate? (etxebizitza aldaketa oraingoa txiki gelditu zaielako, lehenengo etxea eskuratzeko premia duten, edota emantzipatzeko beharra al duten), eta hirugarrenik, zer etxebizitza mota behar dute? (ahalmen ekonomikoen, kide kopuruaren, edota jabetza/alokairuaren arabera)”.
Guztira 630 inkesta
Zumaiako 630 etxebizitzetara deituko dute inkesta egiteko eta datorren astean bertan hasiko dira deiak egiten, otsailaren 10ean hain zuzen. Hiru aste beharko dituzte dei guztiak egiteko eta “zoriz” aukeratuko dituzte elkarrizketatuak, “herriko gune desberdinen presentzia orekatua lortzeko”. 630 etxebizitza horietara deituta, 1.700-1.800 bat herritarren etxebizitza premia jasoko da, baina datu hori oraingoz estimazioa dela aipatu du Iurrebasok, “ikerketa egin ostean izango dugu datu erreala”.
Ildo beretik, inkestaren baitan, erakunde publikoek eta udaletxeek etxebizitzaren inguruan zer egin beharko luketen galdetuz, herritarren iritzia ere jasoko dute. Horrez gain, eta inkesta honen baitan hau ere, Eusebio Gurrutxagako garajeen inguruan dagoen eskakizun maila zehaztu nahi du Udalak. Alkateak adierazi duenez, “lehendik ere lagungarri izan zaizkigun zenbait estimazio eginda ditugu gai honen inguruan, baina orain, zehaztu egin nahi dugu behar hori”. Azkenik, iristear den arau subsidiarioen egokitze lanak zehazteko ere, “oso baliagarria” izango da etxebizitza premiaren inguruko azterketa hau. Udal ordezkarien hitzetan, “legegintzaldi honetan ez, baina datorrenean berritu beharko dira arau horiek”.
Herritarrei parte-hartzeko deia
Ondo bidean, martxo hasieran bukatuko dute Aztikerrekoek kanpo lana. Ondoren, informazioa aztertu eta ondorioak aterako dituzte eta apirilean egongo litzateke ikerketa Udalaren eskuetan. “Oso aberasgarria da beharrak aztertzea, gero politika egoki bat garatu ahal izateko, eta horretarako, herritarren iritzia jakitea ezinbestekoa da. Beraz, guztiak animatu nahi ditugu ikerketan parte-hartzera”, azaldu dute.



