Etxebizitzaren erabilera aztertzeko inkestak egingo dituzte Zumaian urritik urtarrilera bitartean

2019/10/22

Inkestak zuzeneko elkarrizketa bidez egingo dituzte. Zumaiako Udalaren izenean, “jabe guztien eta higiezinetan egon daitezkeen auzokideen lankidetza” eskatu dute.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Etxebizitzaren erabilerari buruzko inkesta jarri du martxan. Ikerketaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan ezohikoak diren etxebizitzen fenomenoaren garrantzia ezagutzea da. Okupatu gabe dauden etxebizitzen kopurua kalkulatu eta horien egoeraren eta ezaugarriei buruzko informazioa aztertuko dute inkestaren bidez.

Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Sailak adierazi duenez, “informazio falta egon izan da etxebizitzaren erabileraren inguruan eta, era berean, gai honi buruzko polemika eta espekulazio garrantzitsuak sortu dira: ez ohiko etxebizitzen stockaren dimentsioa, horren ezaugarriak, administrazioak esku hartzeko aukerak eta abar.”.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Sailaren eta Zumaiako Udalaren izenean, laguntza eskatzen diete herritarrei “helburua arrakastaz lortzeko behar duten informazioa emateko, adibidez: etxebizitzaren egoera, errolda egoera, etxebizitzaren titulartasuna, etab.”.

Inkestari buruzko informazio guztia, baita aurrekoetan lortutako emaitzak ere, Internetez eskura daitezke, honako helbidean: http://euskadi.eus/eei

Herritarren lankidetza ikerketarako

Inkestatzailea etxebizitzara baino lehen, atarian gutun ofiziala jarriko dute, edo, posible ez bada, inkestatzaileak gutun ofiziala eramango du berekin. Gutun horrek jakinaraziko dio herritarrari estatistika-eragiketa ofizial baterako dela eta elkarrizketagile baimendu batek bisita egingo dizula.

Informatzaileak, printzipioz, ikertuko den eraikinean edo etxebizitzan bizi diren egoiliarrak izango dira. Hala eta guztiz ere, halakorik ez dagoenean, edo egoiliarrak aurkitzea ezinezkoa denean, beste informatzaile batzuk ere onartuko dira, esaterako, auzotar hurbilenak, postariak, udaltzainak, Udaleko funtzionarioak, etab.

Informazioa, oro har, zuzenean jasoko da, behar bezala identifikatutako inkestatzaile batek galdera batzuk eginda. Oinarrizko informazioa eskatuko dio herritarrari: zure jabeen erkidegoko etxebizitzak edo lokalak okupaturik ote dauden eta, kasuaren arabera, etxebizitzen eta lokalen egitura-ezaugarri batzuk. Inkesta gehienek 10 minutu baino gutxiago iraungo dute.