Etxebizitzen promozio berrietarako eskabide orriak
Udalak zenbait argibide eskaini ditu egingo diren babestutako etxebizitzen zerrendetan apuntatzeko.
Aurrerantzean Zumaian egingo diren Babes Ofizialeko, udal sustapeneko, alokairuzko edota etxebizitza tasatuen promozioetan izena emateko inprimakiak eskuratzeko zenbait argibide jarraitzeko dei egin die Udalak herritarrei. Eusko Jaurlaritzaren Etxebide erakundearen bidez egingo dira aurrerantzean babestutako promozio berrietarako izen-emateak, eta horretara bidean, zenbait urrats zehaztu ditu Udalak. Lehenengo eta behin, herritarrek eskabide orria eskuratu behar dute promozio berrietan apuntatzeko. Eskabide orria udaletxean bertan eskuratu daiteke dagoeneko, baina entregatzeko epea irailaren 15ean zabalduko da.
Epe motzean eskainiko diren etxebizitzen tipologian aldaketak eman direlako berrituko ditu Udalak zerrendak. Izan ere, orain, jabetzazko Babes Ofizialeko etxebizitzez gain, babestutako alokairuzko, alokairu sozialeko edota etxebizitza tasatuen eskaintza egingo da. Inprimakiaren inguruko informazio gehiago ondorengo helbidean aurkitu dezakete herritarrek: www.etxebide.info.



