Etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarri dituzte herrian

2010/05/12

Herriko zortzi eremu desberdinetan daude kontainer berriak eta sukaldeko olioa jasotzeko dira.

 

Apiril bukaeran jarri zituzten etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak Zumaian. Urola Kostako Udal Elkarteak jarri ditu ondorengo puntuetan: Aita Mari auzategia, Alai auzategia, Amaiako plaza, Estazioa, Gernika ibilbidea, Oikia auzoa, Txomin Agirre eta Puntanoetan.

Orain artean, furgoneta baten bidez jasotzen zuten zerbitzua, ordu eta leku jakin batzuetara mugatuta. Edukiontzi berriak finkatuta daude dagoeneko herriko zortzi eremu horietan eta hala, herritarrek edozein unetan eraman ahal izango dute etxeko olioa. Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, furgonetak hemendik aurrera ez du orain arteko zerbitzua eskainiko.

Zenbait ohar

Ondo itxitako ontzian (beira edo plastikozkoak) utzi behar da erabilitako etxeko olioa edukiontzietan eta sukaldeko olioa bakarrik utzi behar da; kotxearena ez (ez dira nahastu behar). Etxeko olioa biodiesel bihurtuko da birziklatu ondoren.

Eskualdean guztira 33 edukiontzi jarri dituzte: Aian 3, Getarian 4, Orion 3, Zarautzen 15 eta Zumaian 8.

Etxeko hondakin arriskutsuak, Garbigunera

Bestelako etxeko hondakin arirskutsuak garbiguneetara eraman behar dira. Eskualdean hiru garbigune ditugu: Zarautzen (Abendaño industrialdean), Zumaian (Joxe Mari Korta industrialdean) eta Aian (Ubegun industrialdean: eraiki berria da eta datorren ekainean irekiko ditu ateak).
Garbiguneen ordutegia:
• Astelehenetik ostiralera, 8:30-13:30 eta 16:30-18:30
• Larunbatetan, 10:00-12:30
• Igande eta jaiegunetan itxita