Eusebio Gurrutxaga plazako garajeak ez dira egingo, oraingoz

2010/11/18

22 pertsona besterik ez dira agertu interesatuta, eta Udalak egoera ekonomiko hobeagoa dagoenerako utzi du proiektua.

 

Eusebio Gurrutxaga plazan garajeak egiteko proiektua behin-behinean gelditu egingo da. Izan ere, proiektuak 277 plaza egitea aurreikusten du, eta plazak kontzesioan hartzeko 22 interesdun besterik ez dira agertu. Hori horrela, oraingoz proiektua aurrera ez eramatea erabaki du Udalak. Hala ere, Udalak ez du behin betirako alde batera utziko proiektua. Egoera ekonomikoak laguntzen duenean, berriro birplanteatu beharko da garajeak egiteko proiektua.

Eusebio Gurrutxaga plazako garaje-plaza kontzesioan hartu nahi zutenek abuztuaren hasieratik urriaren bukaera arte izan zuten horretarako aukera. Prentsan agertzean gain, Odieta eta San Joseko, Alde Zaharreko  eta Erribera kaleko etxeetara gutuna ere bidali zen, proiektuaren berri emateko. Ea horrela, jendea animatzen zen ikusteko. Hala ere, abuztutik azaroaren hasierara bitartean 22 lagunek bakarrik azaldu dute beren interesa.

Eusebio Gurrutxaga plazaren ezaugarriak kontuan izanik, ez da bideragarria garaje txikiagoa egitea. Baina, agian, Zumaiak ez du horrenbeste plazako garajearen beharrik. Beraz, garajea egitea erabakitzen den unean herriaren beharra zenbaterainokoa den ere aztertu egin beharko da.

Hasierako  proiektua oso garestia zelakoan, Udalak proiektuaren exekuzio modua aldatu zuen. Horrela, garajeak merkeagoak baitira. Hasierako proiektuaren arabera, garaje-plaza bakoitza 30.000 eurotik gora kostatzen zen. Exekuzio modua aldatu ostean, garajeen prezioa 23.000 euro azpikoa zen.

Obraren kostu osoa 6.370.000 euroa da, eta Udalak proiektua aurrera eramatea erabaki izan balu, 5.800.000 euroko kostuari egin beharko zion aurre. Horrek asko baldintzatuko luke, Udalaren egoera ekonomikoa.

Bukatzeko, argitu, 22 interesdun horiek seinalea eman behar izan zutela izena ematearekin batera. Datozen  asteotan bueltatuko zaie horiei dirua.

 

Behin behineko bukaera txukuna

 

Garajeak ez direnez egingo, momentuz, plazari behin behineko bukaera emango zaio. Agian, hemendik urte gutxitara garajeak egiteko plazan berriro obrak egin behar direla kontuan izanik bukatuko da plaza. Hala, momentuz, frontoia ez da estaliko, besteak beste. Hala ere, nahiz eta behin-behineko bukaera izan, Udala plaza eta Odieta inguruko urbanizazioa ahalik eta txukunen egiten saiatuko da.