Eusebio Gurrutxaga plazan egingo diren garajeak kontzesioan hartzeko izen emate epea zabalduko da
Abuztuaren 9tik urriaren 15era arte egongo da izena emateko epea irekita. Izena ematearekin batera 300 euroko aurrerapena ordaindu behar da.
Ezaguna denez, Zumaiako Udalak Eusebio Gurrutxaga plazan garajeak egiteko asmoa du, eta horretarako proiektu bat garatu du. Hala ere, proiektua garestia da, eta pairatzen ari garen krisialdia ikusirik, Udalak jakin nahi du gaur egungo eskaera noraino iristen den. Hori dela eta, epe berri bat irekiko du izena emateko.
2008an garajeak erosteko interesa zutenek izena emateko aukera izan zuten. Orduan 148 lagunek eman zuten izena. Aurten, Aztiker enpresak, Udalarentzat egindako etxebizitza eta garaje premiaren inguruko azterketan, aparkaleku-kontzesio bat erosteko asmoari buruz galdetuta, interesatuen kopurua jaitsi egin dela ondorioztatu da. Oraingoan, Iñaki Agirrezabalaga alkateak azaldu duenez, "garajearen proiektua aurrera ematen bada, kontzesio zenbat pertsonak erosiko duten jakiteko zerrenda egin nahi da". Zerrenda hori ahalik eta zuzenena izateko, izena ematearekin batera 300 euroko sarrera ordaindu beharko da. Abuztuaren 9tik urriaren 15era arte izena emateko epea zabalik izango da. Eskaintza erabat irekia da, beraz, zumaiarrek nahiz beste edozein herritakoek eros dezakete kontzesioa.
"Zazpi milioiko inbertsioa da garajea egitea, eta horrelako obra batean sartu aurretik, herritarren aldetik zer nolako erantzuna izango duen ziur jakin nahi dugu", azaldu du Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak. 277 kontzesio daude salgai. Bakoitzak 21.000 euroko (+ BEZ) prezioa izango du. Eta esan bezala, izen ematearekin batera 300 euroko aurrerapena ordaindu behar da.
Eskabide orria lortzeko bi aukera daude: Zumaia Lantzeneko bulegoan edo www.zumaia.net web orrian. Eskabide orriarekin batera, 300 euroko bermea 2101 0381 02 0010225704 kontu korrontean sartuta dagoenaren frogagiria ere aurkeztu behar da Zumaia Lantzenek udaletxean duen bulegoan.
Garajeei buruzko informazio gehiagorako Zumaia Lantzenera deitu 94314 34 15 edo zumaialantzen@zumaiakoudala.net helbidean eska dezakezu.
Eskatzaileen kopurua ezagututa, Udalak azterketa ekonomikoa egingo du kontzesioetan saldu ez diren aparkalekuak errotazio sistema baten bidez errentagarriak diren edo ez jakiteko.
Dena aztertu ondoren, aparkalekuak bideragarritasunik ez duela ondorioztatzen bada, interesatuei, aldez aurretik ordaindutako 300 euroak bueltatuko zaizkie.



