Euskal Jai Eguna Zumaian, baina nondik dator?
Bihar ospatuko dugu Zumaian Euskal Jai Eguna. Baina nondik dator ohitura hau? Noiztik? Biharko egunaren atarian datu batzuk argituko ditugu, baina iraileko Udal artxibo historiari buruzko artikuluan zehatzago azalduko dugu guztia.
Euskal Jai Eguna ospatzen Iparrandean hasi ziren 1853. urtean, eta Antoine d’Abbadie izan zen antolatzaile eta sustatzaile nagusia. Lehen 10 urtetan Urruñan antolatu zen, baina gero hasi ziren herriz herri festa hori mugitzen. Gipuzkoan, lehen aldiz, 1879. urtean Donostian antolatu zen.
Antoine d’Abbadieren helburua zen euskal ohiturak eta folklorea sustatzea eta zabaltzea Euskal Jaien bidez. Eta horretarako ekitaldi ugari antolatzen ziren.
1893.urtean, Euskal Jaiak Gipuzkoan, Azpeitian, ospatu ziren. Ordutik aurrera, Foru Aldundiak hartuko zuen Euskal Jaiak antolatzeko ardura.
Eta Zumaian, noiztik?
Zumaian, lehen aldiz, 1900. urtean antolatu ziren Euskal Jaiak. Festa horiek sentimendu abertzalea herrian indartzeko tresna izan ziren hasiera hartan. Lehen Euskal Jai haiek irailaren 23tik 25era bitartean ospatu ziren, eta Euskal Herriko txoko desberdinetako jende ugari bildu zen.
Datu guzti horiek aurrerapen bat besterik ez dira, Euskal Jai Egunaren atarian. Iraileko artxibo historikoko istorien artikuluan jakinaraziko ditugu festa horien inguruko datu eta pasarte gehiago.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)
*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.