EUSKAL JAI EGUNEAN LAN EGITEKO DEIALDIA HERRIKO TALDEENTZAT

2017/07/10

Datorren abuztuaren 11n Euskal Jai eguna ospatuko da Zumaian. Ohikoa denez, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango ditugu egitarauaren barne, eta bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi da.

Bazkari herrikoia zerbitzatzea: talde batentzat lana

Lan honetako ezaugarri nagusia da 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak egitea ere.

Guztia kultur sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko  da.

Sagardo dastaketa:

10 sagardotegitako sagardoa eskainiko da, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dira. Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, basoak saldu eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren beharrezko lanak egitea.  


Izena emateko epea:

Uztailaren 11tik 26a bitartean, Alondegia kultur etxean. 943861056 / kultura@zumaia.eus

Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.
 
Nor aurkez daiteke?

Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak. Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).  Horrez gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, batik bat Sagardoa banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.