Euskal Jai egunean lana egiteko deialdia egin die Udalak herriko taldeei

2018/07/16

Datorren abuztuaren 10ean Euskal Jaia eguna ospatuko da Zumaian eta ohikoa den bezala, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira festa egitarauaren baitan eta hain zuzen horietan lana egiteko deialdia zabaldu die Udalak herriko taldeei.

Urtero bezala, bi eginkizun edo lan nagusi izango dira egun horren ospakizunean, sagardo dastaketa eta bazkari herrikoia zerbitzatzea, hain zuzen.

1. Bazkari herrikoia zerbitzatzea:

Urteroko herri bazkariak 400 lagun inguru biltzen ditu, beraz, lau hau talde batek egiteko modukoa da. Talde horrek bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta, noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu.

Guztia kultur sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko  da.

2. Sagardo dastaketa:

10 sagardotegietako sagardoa eskainiko da, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dira. Horrenbestez, lan honetaz arduratzen den taldearen betebeharrak izango dira egun horretan bertan postuak jartzea, basoak saltzea eta sagardoa banatzea, baita, noski, aurrez eta ondoren egin behar diren beharrezko lan guztiak burutzea ere.

Izen-emateko epea

Talde interesdunek uztailaren 23a bitartean eman ahal izango dute izena Alondegia kultur etxean: 943861056 telefonoan edo kultura@zumaia.eus posta elektronikora idatziz. 

Izen ematen duten talde kopuruaren arabera, bilera batera deituko ditu Udalak guztiak beharrezko azalpenak emateko. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.

Nor aurkez daiteke?

Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren kirol, kultur edo gizarte taldeak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute.

Horrez gain, euskaraz mintzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute, inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.