Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen programa berria emango du ezagutzera Bilboko Basque Fest jaialdian

2019/04/15
Aurten ere, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Bilboko Basque Fest jaialdian parte hartuko du, apirilaren 18tik 20ra. Bisita gidatuak zozkatuko ditu egunero Areatzako “Txoko Gourmet” espazioan bere standera hurbiltzen diren bisitarien artean.

Beste urte batez, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da Bilbon, apirilaren 18tik 20ra.

 

Kultura eta aisialdirako jarduera programa zabalaren barruan, Basque Fest jaialdira hurbiltzen direnek Euskal Kostaldeko Geoparkearen eskaintza anitza ezagutzeko aukera izango dute, hala nola, oinez edo itsasontziz egin daitezkeen bisita gidatuak eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbide geologikoak.

 

Aurreko urteetan bezala, Geoparkeak informazio-stand bat izango du “Gourmet Txokoa” deritzon espazioan, Bilboko Areatzan bertan jarriko den karpa handian. Geoparkearekin batera, beste hainbat eskualde eta turismo-helmuga ere han izango dira beraien eskaintza ezagutarazteko. Gourmet Txokoa irekita egongo da 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

 

Gainera, Basque Fest jaialdiaren baitan, Geoparkeak bisita gidatuak zozkatuko ditu bere standera hurbiltzen diren bisitarien artean. Zozketak egunero egingo dira 14:45ean eta 19:45ean. Hain zuzen ere, Geoparkeko edozein bisita gidatu egiteko sarrera bikoitzak zozkatuko dira, 2019an egin ahal izateko.

 

Halaber, tokiko produktuez osatutako Geogourmet otarrak eskuratzeko aukera ere izango da.

 

Berriki abiarazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2019ko Bisita Gidatuen programa berria; guztira, 17 bisita gidatu desberdin daude aukeran adituak diren gidarien azalpenekin lagunduta Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko. Flyscha itsasotik ikusteko itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak…

 

Bisita gidatu hauek guztiek Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutaraztea eta gizarteratzea dute helburu.

 

Basque Fest programa Bilboko Udalak prestatu du eta, guztira, 300 jarduera baino gehiago egongo dira. Doakoak izango dira, eta gustu eta adin guztietako pertsonentzat pentsatuak.

 

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea. Gipuzkoan zein Euskadin geoturismoaren erreferentzia bilakatu da. 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

 

Geoparkeak, bere ondare geologiko, natural eta kultural aparta ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, balio horien guztien kontserbazioa sustatu nahian, bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du. Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta ordutegiak Geoparkearen webgunean kontsulta daitezke: geoparkea.eus.