Euskal Kostaldeko Geoparkeak izendapenari eutsiko dio beste lau urtez

2014/09/05

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Txartel berdea’ eskuratu eta geoparke izendapenari eutsiko diogu beste lau urtez. Eta beraz, UNESCOren babesa daukan Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarraituko du.

Alemaniako Harz Geoparkean egindako Koordinazio Batzordean aho batez hartu da erabakia eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak ebaluaketa gaindituta,  geoparke izendapenari eutsi eta Munduko Geoparkeen Sareki kide izaten jarraituko du beste lau urtez.

Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak, eta Asier Hilariok, Zuzendari Zientifikoak, bertan jaso dute albistea. Bi kideak oso pozik agertu dira Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileek burutu duten txostenaren berri izan dutenean, izan ere, erabateko argitasunarekin adierazten du Geoparke proiektuaren sendotasuna eta egonkortasuna, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen inplikazioa eta babesa nabarmenduz. Halaber, txostenak nazioarte mailako garrantzia duen ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua goraipatzen du, eta bereziki ondare honen interpretaziorako, dibulgaziorako eta promoziorako egindako lana.

Azterketa gaindituta, Geoparkeak pausu garrantzitsua eman du aurrera datozen lau urtera begirako erronkei ekiteko.

Uztailean egin zen ebaluatzaileen azterketa

Hiroko Torigoe japoniarra, Itoigawa Geoparkekoa, eta Richard Watson ipar irlandarra, Marble Arch Caves Geoparkekoa, izan ziren Geoparkeen Munduko Sarearen izenean Euskal Kostaldeko Geoparkearen errebalida azterketa egiteaz arduratu ziren bi kideak, pasa den uztailean.

Hiru egunez izan ziren Zumaian, Deban eta Mutrikun, eta hainbat bisita eta bilera egin zituzten erakundeetako ordezkariekin, sektore turistikoko profesionalekin eta beste hainbat agente sozialekin, Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri jasotzeko.

Bi ebaluatzaileek interesgune adierazgarrienak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, Mendatagaña-Sakoneta ingurunea, Itzurungo hondartza, Algorri itsasontziz, Elorriagako aisialdirako gunea eta Olatzko bailara karstikoa. Era berean, Geoparkearen Gune berria, Algorri eta Nautilus Interpretazio Guneak, Mutrikuko hirigune historikoa, Bentalekua Museoa eta Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika, ezagutu zituzten.

Geoparkeen Europako eta Munduko Sarea

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea. Sarea ondare geologiko eta kultural azpimarragarria duten lurraldeek osatzen dute eta UNESCOren babesa dauka.

Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.