Euskal Kostaldeko Geoparkeak Plan Estrategikoa aurkeztu dute
Jarduera guztien artean aipagarriena Geoparkearen Astea dugu. Gaur hasi eta uztailaren 9ra bitartean hainbat jarduera antolatu dira Zumaia, Deba eta Mutrikuko herrietan, Euskal Kostaldeko Georparkearen egitasmoa, ekintza-plana eta balioak ezagutzera eman asmoz
Europar hautagaitza onartu zenetik sei hilabete igaro direnean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hurrengo urteetan aurrera eramango dituen ekintza nagusiak aurkeztu ditu gaur.
Ekitaldia Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan burutu da eta bertan izan dira Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrietako udal ordezkariak, horien artean Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea, Debako alkate Silverio Urkiri eta Mutrikuko zinegotzi Jaione Peña, baita Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa ere, Joan Poch.
Haiekin batera, Euskal Jaurlaritzako kideak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak egon dira, Aranzadi Zientzia Elkartea, Unesco Etxea eta UPV-EHUko hainbat kiderekin batera. Izan ere, hauek guztiek osatzen dute Geogarapen Elkartea, Euskal Kostaldeko Geoparkea kudeatzen duen elkartea.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere Plan Estrategikoan bost ardatz ezarri ditu: Zientzia eta lurraldea, Ingurumena eta Jasangarritasuna, Turismoa, Kultura eta Tokiko Garapena eta azkenik, Zeharkako Ekintzak.
Lehenengo ardatzari dagokionez, Zientzia eta lurraldea, helburu nagusiak dira batetik, nazioarteko sareekin eta orain sortzen ari den Espainiako Geoparkeen Foroarekin lankidetza sustatzea eta bestetik, Geodibertsitatea eta Ondare Geologikoa babesteko eta aztertzeko lanean diharduten instituzioekin sinergiak bultzatzea. Gainera, hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bultzatuko da.
Ingurumena eta Jasangarritasunari dagokionez, lurraldearen ondare naturala babestea eta mantentzea dira helburu nagusiak, baita ingurumenarekin lotutako hezkuntza bultzatzea ere.
Turismo alorrean, naturarekin lotutako turismoa bultzatuko da, lurraldearen balio geologiko eta kulturalak azpimarratuz, hori guztia jasangarritasun irizpideetan oinarrituz. Era berean, lurraldearen eskaintza turistikoaren kalitatea hobetzea du xede Plan Estrategikoak.
Kultura eta Tokiko Garapenaren ildotik, lurraldearen garapen jasangarria eta orekatua da helburu nagusia, bertako balio kulturalak nabarmenduz. Horrela, ondare kulturala berreskuratu, bultzatu eta zabalduko da eta horretarako landa eremuarekiko sentsibilizazioa bultzatuko da, bertako produktuen sustapena eta salmenta indartuz.
Azkenik, Zeharkako Ekintzen artean, Geoparkeen Europar Sarearekin hartutako konpromisoak betetzea ditu Plan Estrategikoak helburu, horien artean Geoparkearen Astea antolatzea eta esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko hainbat Mintegi eta Kongresutan parte hartzea.
Geoparkearen Astea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak hainbat une garrantzitsu bizi izan ditu azken urteotan. 2007an hasi zituzten Mutriku, Deba eta Zumaiako udalerriek lehenengo eztabaidak Geoparkearen inguruan. 2009ko azaroan Geogarapen Elkartea sortu eta Geoparkeen Sareko kide izateko hautagaitza aurkeztu zuten. Azkenik, 2010. urtearen amaieran jaso zuen Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide izateko onarpena.
2011. urtean hasi da, beraz, Euskal Kostaldeko Geoparkea bere lehen urratsak ematen eta, honela, Geoparkearen Astea antolatu du aurten lehen aldiz. Gaur hasi eta uztailaren 9ra bitartean, hainbat jarduera eta ekimen antolatu dira Zumaian, Deban eta Mutrikun herritar guztiei zuzenduta, hala nola, hitzaldi sorta, bisita gidatuak eta ate irekien jardunaldiak.
Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan ospatzen den ekimena da eta helburu nagusia lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzea da.
Era berean, dagoeneko martxan da bisita gidatuen programa berria. Azarora bitartean astebururo hainbat jarduera eta bisita gidatu antolatzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta udan ia egunero eskainiko dira naturaz eta kulturaz gozatzeko proposamen interesgarriak. Ekimen hauek guztiak www.geoparkea.com webgunean plazaratzen dira aldiro-aldiro eta herritarrek erreserbak bertatik egin ditzakete.
Geoparkezaleak Sarea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste egitasmo bat martxan jarri asmo du datozen hilabeteetan: Geoparkezaleak sarea. Turismo sektorean diharduten profesionalei zuzenduta zein herritar orori zuzenduta, ekimen honen helburua Geoparkearen enbaxadore talde handi bat sortzea da, lurralde honetan bizitzeaz harro sentitzen direnek osatua.



