Euskal kostaldeko hautagaitza Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean sartu dela bermatzen duen ziurtagiria jaso dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko Udalek

2010/12/16

Atzo izan zen ekitaldia Debako udaletxean, eta Guy Martini geologoaren eskutik jaso zuten ziurtagiria.

 

Deba, Mutriku eta Zumaiako kostaldea Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean dela ziurtatzen duen ziurtagiria jaso zuten ofizialki hiru herrietako alkateek, atzo Debako udaletxean egin zen ekitaldian. Urrian ezagutarazi zuen erabakia Europako sareak, Lesbosen (Grezia) egin zen bileran. Eta atzo jaso zuen euskal kostaldeko hautagaitzak ziurtagiria Guy Martini geologoaren eskutik

Guy Martini Europar Sareko Aholkularitza Batzordeko kidea eta europar sarearen sortzaileak Jesus Mari Agirrezabala Debako alkate eta Geogarapeneko lehendakariari eman zion ziurtagiria. Iñaki Agirrezabalaga Zumaia alkateak, Geoparkeen liburua jaso zuen, eta Josebe Astigarraga, Mutrikuko alkateak, berriz, intsignia bat jaso zuen.

“Ondare geologiko eta kultural ikaragarria” duen eremua dela euskal kostaldeko Geoparkea, azaldu zuen Guy Martinik, eta gustura agertu zen euskal kostaldeko Geoparkea Europako eta Munduko sarean delako. “Orain, euskal kostaldea nazioarteko familia honen parte da”, esan zuen Martinik.

 

Zer da Geoparke bat?

Geoparke bat bere ondare geologikoagatik nabarmentzen den lurralde edo eremua da. Espazio edo eremu hori hainbat arrazoirengatik izan daiteke berezia, besteak beste, zientzia arloan duen garrantziagatik, bitxitasunagatik, edertasunagatik edota, hezkuntza edo turismo balioagatik. Geoparkeek, ordea, ondare geologikoaz gain, ondare naturalak edo kulturalak ere izan ditzakete.

Ondare hori zaindu eta duen balioa emateko estrategia bati hasiera ematen zaio Geoparke izendapenarekin.

 

Zein onura ekarriko ditu herrira?

Zumaiako, Debako eta Mutrikuko eremua Geoparke izendatzeak anura asko izango ditu inguruan. Herriari eta inguruari zenbait onura ekartzeaz gain, arlo jakin batzuei ere bereziki eragingo die. Hortaz, turismoari, kulturari, ingurumenari eta lurraldearen iraunkortasunari ekarpenak egingo dizkie Geoparke ereduak.

Oro har, herritarrek eta ingurua bisitatzen dutenek lurraldearen aberastasun naturala eta kulturala hobeto ezagutzea ekarriko du Geoparke izendapenak. Baina ondarea ezagutzera emateaz gain, sentsibilizaziorako ekintzak egingo dira, eremuak duen balioaz ohartarazteko eta, horrela, ondarea babestea guztion lana dela ez ahazteko. Inguruko herritarrekin zein Geoparke eremura etortzen diren bisitariekin egingo da lana sentsibilizazioan.

Gaur egun, abian dauden ekimenak bultzatu, eta beste zenbait sortu ere egingo dira. Hau da, gaur egun egin ohi diren bisita gidatuak eta beste hainbat jarduera bultzatzeko eta indartzeko ahalegina egingo da. Klima aldaketari buruz edo biodibertsitatearen inguruko gaiei buruz informazioa emateko eta gai horien inguruan kontzientziatzeko ere aukera ederra eman diezagukete sentsibilizazio ekintza horiek.

 

Zein izango dira epe motzean emango diren urratsak?

Geoparkearen kudeaketaz Geogarapen Elkartea arduratzen da. Elkarte hori hainbat bazkidek osatzen dute, eta Zumaiako Udala da horietako bat. Elkarte horrek proiektua aurrera eramateko ‘2011- 2014 Laurteko Ekintza Plana’ zehaztua du. Hauek dira ekintza plan horren ildo nagusiak: zientzia eta lurraldea, ingurumena eta iraunkortasuna, turismoa, kultura eta tokiko garapena. Horiez gain, zeharkako ekintzak ere landuko dituzte. Arlo bakoitzean dagokion azterketa egin ondoren, bakoitzari behar bezalako erantzuna ematen saiatuko da Geoparkeen Elkartea.