'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa

2013/02/05

Kike Amonarriz, Jone Miren Hernandez, Andoni Egaña eta Belen Uranga izango dira hizlariak.

 

Aurten, bigarren urtez, “Euskara, bestela ez gara” hitzaldi zikloa antolatu dugu Zumaiako Euskara Zerbitzutik. Iazko arrakastak animatuta, bide beretik jarraitzea pentsatu dugu, denok ere euskararen egoeraren inguruan hausnartzen jarrai dezagun. Izan ere, garbi dago trantsizio momentu batean gaudela, diskurtsoa aldatu eta eguneratu beharraz hitz egitea ohiko bihurtu dela azken aldian. Beraz, hausnarketa bultzatzeko asmoz ikuspuntu diferenteak emateko ahalegina egingo da:

Lehengo hitzaldia otsailaren 20an izango da, bertan Kike Amonarrizek “XXI. Mendeko euskaldunak. Nola aldatu(ko) diren gauzak kamarada!” izeneko hitzaldia eskainiko du. Bere esanetan, gure hizkuntza komunitateak sakoneko aldaketak bizi izan ditu XX. mendearen erdialdetik aurrera. Globalizazioaren, digitalizazioaren eta komunikatzeko aukera eta modu berrien eraginez, guztiz aldatu dira euskaldunon ezaugarri sozio-demografikoak, darabilgun euskara bai eta euskararen erabileraren inguruko parametro asko. Aldaketa horiei guztiei buruz hitz egingo du, beraz, Kikek.

Bigarrena, otsailaren 27an izango da Jone Miren Hernandezen eskutik “Arnas-uneak. Gazteak eta euskararen momentua” izenburua jarri dio bere jardunari eta gazteei begira jarriko da bereziki. Euskarak azken hamarkadetan ezagutu duen garapenaren fruitu dira belaunaldi berriak. Ibilbide luzea eta korapilatsua izan da, eta bertan dinamizatzaile nagusiak izan dira hizkuntza politika zein hizkuntza plangintza. Horiekin batera, noski, gizarte mugimenduak eta hiztunak. Kemen eta indar handiko ekimenak gauzatu dira, energia asko inbertituz. Hori horrela izanda, egun, zein momentuan gaude? Euskarak egindako ibilbide honetan, zein da egungo gazteen unea? Zer jaso dute? Eta, zer eskaini diezaiokete euskararen etorkizunari?

Hirugarren saioan, martxoaren 6an Andoni Egaña izango da hizlari "Zer egin dugu ondo? Zer gaizki?"izenburupeko hitzaldia emango du. Eta euskararen egoeraren diagnostiko bat egiten saiatuko da. Euskal Herrian, gure inguru hurbilean... Ongi goaz? Oker? Erdipurdi? Non eta zertan xahutu dugu indarra? Egoki xahutua izan da? Eta izan ditugun indargune eta ahuleziak identifikatuko ditu gero, etorkizunerako urratsak emateko balio izan dezakeelakoan.

Eta amaitzeko, martxoaren 13an Belen Uranga etorriko da, “Ekologia eta hizkuntza-ekologiaren arteko joan-etorriak” hitzaldia eskaintzera. Bertan Ekologia terminoa hizkuntzaren arloan erabiltzeko arrazoiak erakutsiko ditu, moda kontua izatetik harago; ekologiatik ekologismorako jauzia nola egiten den ikusiz, eta hizkuntzaren iraunkortasunarentzat baliagarriak diren analogiak baliatuz, ekintzetarako proposamenak egingo ditu.

Hitzaldi guztiak Zumaiako Alondegia kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita.