Euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko bigarren deialdia irekita dago urriaren 15era arte

2018/10/02

Diruz lagunduko dira udan egindako ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak edo autoikaskuntza bidez egindakoak. Laguntza horien helburua da euskararen erabilera herritarren artean sustatu eta bultzatzea. Epea urriaren 15a arte egongo da zabalik.

Zumaiako Udalak urriaren 1ean zabaldu du euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko bigarren deialdia, udako ikastaroei zuzendutakoa. Laguntza horien bitartez herritarren artean euskararen erabilera indartu eta sustatu nahi du, euskara izan dadin hizkuntza nagusia esparru guztietan. Diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza gisa egindakoak.
Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira diru-laguntzen onuradun. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da honako baldintzak betetzea:
 
  • Zumaian erroldatuta egotea
  • Gutxienez, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea
  • Betebeharrak eguneratuak izatea Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
Baldintza horiek betez gero, langabeen kasuan, matrikularen %100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan, trinko eta barnetegikoetan izan ezik. Horietan gehienez ikastaroaren %75 ordainduko zaie. Gainerako ikasleei, ohiko ikastaroak zein edo barnetegietakoak direnean, gehienez %75 ordainduko zaie.
 
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
 
  • Diru laguntzaren eskaera orria beteta (hirugarrenen altako orria barne)
  • Nortasun Agiriaren fotokopia
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria
  • Egindako ikastaroan asistentzia %80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana
 
Eskaera epea zabalik egongo da urriaren  15era bitartean eta udaletxeko Euskara zerbitzuan egin beharko da. Eskabidea eta laguntzen oinarria  udal webguneko diru-laguntzen atalean izango dituzte eskura interesdunek.