Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko eta matrikulatzeko epeak irekita
Zumaiako Udalak dagoeneko zabaldu du bigarren deialdiko epea euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko, gehienbat udako ikastaroei zuzendutakoa; urriaren 9ra arte egongo da epe hori zabalik. Bestetik, Zumaiako Igor AEK euskaltegian matrikulatzeko epea ere zabalik dago, irailaren 24ra arte.
Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira Udalaren laguntzen onuradun. Horretarako, ezinbestekoa izango da honako baldintzak betetzea:
- Zumaian erroldatuta egotea
- Gutxienez, % 80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea
- Betebeharrak eguneratuak izatea Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
Baldintza horiek betez gero, langabeen kasuan, matrikularen % 100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan. Gainerako ikasleei gehienez % 75 ordainduko zaie. Udalak gehienez 600 € ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan, eta gehienez 200 € uztailetik irailera bitartekoetan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Eskabidea beteta
- Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria
- Asistentzia ziurtagiria.
- Hirugarrenen alta emateko agiria (edo titulartasun ziurtagiria)
- HABEren dirulaguntzen 2026ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).
Eskaerak udaletxean Herritarren Arretarako Zerbitzuan aurkez daitezke edota telematikoki zumaia.eus guneko egoitza elektronikoan. Zalantzak argitzeko, interesdunak Euskara Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan (943865025-616 edo euskaraz@zumaia.eus).
Matrikulatzeko epea irailaren 24ra bitartean
2026-2027 ikasturtean euskara hobetu nahi duenak Zumaiako Igor AEK euskaltegian du horretarako aukera, eta hilaren 24ra bitartean egin daiteke matrikula. Bidasoa kalea 1 behean dago euskaltegia, eta astelehenetik ostegunera zabalik egongo da, 09:30etik 12:30era eta 17:00etatik 20:00etara (ostiraletan goizez bakarrik). Horrez gain, 943860248 eta 607625498 zenbakietara ere dei daiteke edota zumaia@aek.eus helbidera idatzi.



