Kanpotik etorritako euskaldunak ikusarazteko helburuarekin, 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abian jarri du UEMAk
Kanpotik etorritako euskaldunak ikusarazteko helburuarekin, 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abian jarri du UEMAk
2026/05/11
Euskaldunen hizkuntza jokabideetan eragitea eta azalaren koloreagatik edo jatorriagatik herritar batzuei euskara ez ukatzea dira aurtengo edizioaren helburuak. UEMAk Urola Kostara ere ekarri du aurten kanpaina.
Euskaldunen hizkuntza jokabideetan eragitea eta azalaren koloreagatik edo jatorriagatik herritar batzuei euskara ez ukatzea dira aurtengo edizioaren helburuak. UEMAk Urola Kostara ere ekarri du aurten kanpaina.
Zumaiako Udalak bat egin du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak martxan jarri duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainarekin. Ekimenaren helburua da herritar euskaldunen hizkuntza jokabideetan eragitea eta azalaren koloreagatik edo jatorriagatik herritar batzuei euskara ez ukatzea.
Aurtengoa kanpainaren hirugarren edizioa da. Lehenengoan ume arrazializatuekiko hizkuntza jarrerak landu ziren; bigarrenean, ostalaritza eta merkataritzako langileei erreparatu zitzaien; eta aurten, euskara ikasten ari diren edo euskaraz bizi diren herritar arrazializatuak dira kanpainaren ardatza. Aurten kanpaina Urola Kostara ere ekarri du UEMAk, eta Orion, Getarian, Zumaian eta Zarautzen euskara ikasten ari diren herritarrekin ere sortu du beste bideo eta kartel bat.
Kanpainan parte hartu duten euskaldun berri eta euskara ikasleen artean Zumaiako 3 bizilagun ere badaude: Leonardo Bobadilla (kolonbiarra), Jeniffer Cruz (hondurastarra) eta Hamida Cherfaoui (aljeriarra). Haiekin batera, batetik eta bestetik etorri eta Urola Kostan bizi diren beste zenbait euskal hiztunek ere egin dute bat kanpainarekin.
Euskarak "kolore asko"
UEMAk nabarmendu du askotan herritar horiei gaztelaniaz egiten zaiela zuzenean, nahiz eta euskaraz jakin edo euskara ikasten ari izan. Aurreiritziek baldintzatutako hizkuntza portaera horiek aldatzea da kanpainaren helburua. Horretarako, gogorarazi nahi dute euskarak "kolore asko" dituela eta herritar horiek guztiak ere euskaldunak direla.
Kanpainaren baitan hainbat herritarren testigantzak eta ikus-entzunezko edukiak zabalduko dira sare sozialetan eta udalerrietan. Parte-hartzaileek azaldu dute euskaraz hitz egiten zaienean bertako sentitzen direla, eta euskara ukatzen zaienean, aldiz, kanpokoak direla sentitzen dutela.
Zumaiako Udalak herritarrak animatu nahi ditu eguneroko harremanetan euskarari lehen hitza ematera eta hizkuntza ohituretan urratsak egitera, herri inklusiboago eta euskaldunago baten alde.