Euskara Zerbitzuak hiru egitasmo berri abiatuko ditu merkataritzan euskara bultzatzeko

2010/03/12

Alde batetik, inkesta bat egingo dute bezero euskaldunek erosketak egiterakoan dituzten hizkuntza-jarrerak jasotzeko asmoz. Bestetik, euskararen egoera aztertu eta hobetzeko mikroplana abiatuko dute herriko establezimendu batean. Horiez gain, produktuen berri emateko kartel batzuk ere jarriko dira herriko janari-denda batzuetan.

 

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiru egitasmo berri garatuko ditu, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin, merkataritzan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko. Aurten garatuko dira ekimenak, baina azaldu dutenez, “aurrera begirako urratsak finkatzeko baliagarria” izango da lanketa hau.

Alde batetik, ‘Euskaraz kontsumitzen duzu?’ inkesta egingo dute zumaiarrek erosketak egiterakoan dituzten hizkuntza-jarrerak jasotzeko. Ekimenak bezero euskaldunak sentsibilizatu eta hizkuntza-jarreretan eragitea du helburu, “merkataritza eta ostalaritza euskalduntzeko erabakigarria delako bezeroen jarrera”. Ildo horretatik, inkesta betetzerakoan nork bere hizkuntza-jarrerez hausnartzea lortu nahi dute ekimenaren sustatzaileek, batetik, eta ahalik eta erantzun gehien bilduta, zumaiarron jokabidea ezagutzea izango dute xede, bestetik.

Bi aste inkesta erantzuteko

Inkesta bete eta dagokion lekuan uzteko bi asteko epea izango dute herritarrek: martxoaren 12tik martxoaren 28ra. Inkesta etxe guztietara banatuko da eta Zumaiako Udalaren zumaia.net webgunean ere zintzilikatuko da (klikatu hemen). Gero, honako tokietan utzi ahal izango dira galdetegiak beteta: Udaletxean, Turismo Bulegoan, Metro tabernan eta Ekin edo a3 dendetan. Horiez gain, posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere egongo da. Parte hartzen dutenen artean, Marina Berri jatetxean bi lagunentzako afaria eta erosketak egiteko 50 euroko bi txartel zozketatuko dira.

Euskaraz kontsumitzen duzu_irudia

Euskararen Aholku Batzordearekin elkarlanean landu da egitasmoa, eta hurrengo pausoa izango da merkatarien hizkuntza-jarrerak ezagutzea eta horien inguruan hausnarketa egitera bultzatzea. Horretarako, maiatzean beste inkesta bat zabalduko da.

 

Euskararen mikroplana

Inkestarekin batera, bestelako egitasmo bat abian jarriko du Euskara Zerbitzuak herriko establezimendu batean. Elkarrekin hala adostuta, euskararen egoera aztertzeko mikroplana abiatuko dute Errota okindegi-kafetegietan. “Zumaiarrek egunero erabiltzen ditugun lekuak izaki, mikroplanak herritar askorengan izango luke eragina”, azaldu du Lur Etxeberria Elhuyar Aholkularitzako teknikariak. “Lehenik eta behin, Errotako arlo guztietan euskararen egoera zein den aztertuko dugu, asko baitira establezimendu batean hobetu daitezkeen egoerak; eta azterketa horretan oinarrituta, hobetu beharrekoak eta lortu beharreko helburuak zehaztuko ditugu”. Ondoren, helburu horiek lortzeko ekintzak jarriko dituzte abian eta lan horri segimendua egingo zaio.

Ekimenarekin bi helburu lortu nahi dituzte: “Errotan bertan euskararen presentzia eta erabilera handitzeaz gain, ekimen honen bigarren helburua, bide hau gainerako establezimenduentzat ere eredu eta erreferentzia bihurtzea da”. Errotarekin egindako lanak beste establezimenduekin aurrerantzean egingo den lanaren oinarriak finkatu ditzake, eta horregatik, dei egin diete mikroplana egin nahiko luketen beste establezimenduei Euskara Zerbitzura jo dezaten.

Euskarazko kartelak janari-dendetan

Hirugarren egitasmo bat ere bada, ordea, laster herriko janari-dendei euskarazko kartelak eskainiko zaizkielako produktuak errazago identifikatzeko. Okindegiak, harategiak, arrandegiak eta fruta-dendak hartuko dira eta 2010ean arlo bakoitzerako kartel ikusgarriak banatuko dira establezimenduetan. Kartel horien laguntzarekin, arrain motak errazago bereiziko dituzte bezeroek, abereen atalak, era bateko eta besteko ogiak, fruten izenak euskaraz... Okerrik ezean, martxoan bertan hasiko dira kartelak banatzen, okindegietan.