Euskaraldian izena emateko festa ospatuko da larunbatean Zumaian

2018/10/03

Udalak zein Zumaiako Euskaraldiko taldeak bat egin dute ospakizunarekin eta herritarrak animatzen dituzte festan parte hartu eta ekimenean izena ematera. Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da eta helburutzat du euskara gehiago erabiltzea, badakitenen ohiturak aldatuta eta ulertzen dutenen papera indartuta. Sara Saizar ari da Zumaian Euskaraldia dinamizatzen.

Gero era gutxiago falta da “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” ekimenari hasiera emateko eta atzerako kontaketa honetan, Zumaian antolatzaileak etengabe ari dira lanean Euskaraldiak ahalik eta oihartzun eta parte-hartzaile gehien izan ditzan.

Bide horretan, datorren larunbatean, urriak 6, Euskaraldian izena emateko festa ospatuko da, esan bezala, zumaiarrak ekimenean parte hartzera animatzeko.

Horretarako, goizetik hasita ekintza ugari egingo dira Beheko plazan: trikitilariak, bertsolariak, Udal Musika Bandaren eta San Pedro abesbatzaren saioak, Astindu dantza taldearen emanaldia, kontzertuak…

Horrez gain, hainbat informazio gune egongo dira interesdunek informazioa jaso edota izena emateko aukera izan dezaten.

Udalak eta Zumaiako Euskaraldiko taldeak jada bat egin dute ekimenarekin, eta orain herritar oro animatzen dute, festan parte hartzeaz gain, Euskaraldian izena eman eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Belarriprest edota Ahobizi gisa, ekimenean parte har dezaten, guztiok elkarrekin gure hizkuntza gehiago erabil dezagun, ohitura batzuk aldatuta eta ulertzen dutenen papera indartuta.

Sara Saizar, Euskaraldiaren dinamizatzaile Zumaian

Euskaraldia antolatzeko lanak bata bestearen atzetik etorriko dira aurrerantzean. Horregatik, dinamizatzaile bat arituko da lanean abendura bitartean, Zumaiako Udalaren babesari esker: Sara Saizar Bidasoro.

Talde bat ari da apiriletik lanean, eta azken txanpan sartu diren honetan, dinamizatzaileak lan handia izango du hemendik aurrera, besteak beste zeregin hauetan: taldeei eta herritarrei ekimena aurkezten, Euskaraldia bultzatzeko taldea koordinatzen, herriko plangintza zehazten, komunikazio eta kudeaketa lanak egiten, eskualdeko kideekin elkarlanean aritzen, egitasmoaren ebaluazioa prestatzen…