Euskararen astea antolatzeko bilera deitu du Udaleko Euskara Zerbitzuak

2009/10/02

“Ekintza batzuk, hautatu, egutegian kokatu, eta parte-hartzea bultzatzea” izango dira, besteak beste, bileraren helburuak. Urriaren 8an egingo da, 19:00etan udaletxean.

 

Azken bi urteotan euskararen egunaren inguruan hainbat gauza antolatu izan dira Zumaian. Asteburuan eta astean zehar era askotako ekintzak eta jarduerak egon dira, 2008ko egitaraua horren lekuko.

Iazko astearen balorazioa kontuan hartuta, aurtengo jaialdia antolatzeko deialdi irekia egitea erabaki du Udaleko Euskara Zerbitzuak, Zumaiako elkarte eta talde guztiek parte hartu eta euskararen alde lan egiteko aukera izan dezaten. Euskara Zerbitzutik jakinarazi dutenez, bileraren helburua ez da ahalik eta gauza gehien antolatzea, lehendik egiten diren batzuk eta egokitzat jotzen diren berriak ondo prestatzea baizik: ekintza batzuk hautatu, egutegian ondo kokatu, parte-hartzea bultzatu, ardurak banatu, etab”.

Urriaren 8an

Horretarako, bilera batera deitu du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Urriaren 8an izango da bilera, 19:00etan udaletxeko 1. solairuko bilera-gelan. Guztiak daude gonbidatuta.