Euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute eskualdeko udalek eta Kutxak
Iñaki Agirrezabalaga alkatearen hitzetan, “euskararen normalkuntzaren bidean, beste aurrerapauso bat izango da egitasmoa”.
Euskararen normalkuntzarako bidean, urrats berriak abiatu dira eskualdean. Izan ere, Urola Kosta eskualdean ere gauzatu da Gipuzkoa Donostia Kutxak orain hiru urte abian jarritako euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Hala, joan den ostegunean sinatu zuten Azpeitian eskualdeko hamar udaletako alkateek Kutxarekin hitzarmena. Horien artean zen Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga ere eta azaldu duenez, "egitasmo hau euskararen normalizazioa bultzatzeko beste ekimen bat den heinean, aurrerapausoa da. Gipuzkoa Donostia Kutxa eskualde mailan sendo aurkitzen den erakundea da eta pozgarria da euskararen alde lan egiteko konpromisoz agertu izana”.
Kutxako giza baliabideetako arduradun Carlos Ruizek osteguneko ekitaldian azaldu zuenez, “euskaraz ere zerbitzu on bat eman behar dugulako, garrantzitsua izango da administrazio ezberdinen elkarlana”. Besteak beste, euren arteko harramanak (ahozkoak eta idatzizkoak) "ahal den guztietan" euskaraz egiteko konpromisoa eta horretarako baliabideak jartzeko prestutasuna jasotzen ditu akordioak.



