Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala onartu du Zumaiako udalbatzak

2017/11/30

Gainerako eguneko aztergaien artean Udaleko lan arriskuen prebentzio plana, EH Bilduko zinegotzi berriaren kargu hartzea, amiantoaren inguruko idatzia eta alderdi politiko guztiek hezkuntza eta lanbide heziketaren inguruan aurkeztutako mozioa onartu dira, besteak beste.

Gaur arratsaldeko 17:30ean ez ohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak. Eguneko aztergaien artean, besteak beste, Euskararen Astearen eta datorren igandean ospatuko den Nazioarteko Euskararen Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu dute alderdi politiko guztiek.

Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez” izenpean, adierazpen horren bitartez, orain eta hemendik aurrerako urteetan euskararen alde lan egin eta euskararen erabilera etengabe sustatzeko konpromisoa berretsi du Udalbatzak, Euskararen Eguneko konpromisoa urteko 365 egunetan zehar mantentzeko.

Eguneko gainerako aztergaiak

Horrez gain, Udaleko lan arriskuen Prebentzio Plana ere onartu da gaurko osoko bilkuran, orain arte ez baitu Udalak horrelakorik izan. Dokumentu horrek Udaleko edozein jardueratan eman daitezkeen arrisku egoerak identifikatzeko balio du, modu honetara, lan istripu edo ezustekoak ekiditeko.

Halaber, gaur arratsaldean Miren Pilare Galfarsorok hartu du Nerea Eizagirre, EH Bilduren zinegotziaren lekukoa. Eizagirren irailean utzi zuen udalbatzako kide izateari, aurrerantzean, beraz, Galfarsorok beteko du kargu hori eta EH Bilduko zinegotzi gisa arituko da lanean.

Proposamenak

Bestalde, proposamenen atalean, bi ekarpen onartu dira gaurko osoko bilkuran, Zumaiako herritar batek bideratutako amiantoaren inguruko idatzia bata eta udal alderdi politiko guztiek hezkuntza eta lanbide heziketaren inguruan aurkeztutako mozioa, bigarrena.

Amiantoaren inguruko idatzia zumaiar batek aurkeztutako dokumentua da eta horren bitartez Udalari eskatu dio herriko instalakuntza publikoetan amiantoa izan dezaketen osagaiak identifikatu eta zerrendatzea, baita arazo horri aurre egiteko Ordenantza bat osatze aldera urratsak ematea ere. Bide horretan, udalbatzak herritar ororen osasuna bermatze aldera, eskaria aintzat hartzeko konpromisoa hartu du.

Bigarren proposamena udal alderdi politiko guztiek adostutakoa izan da eta hezkuntza izan du ardatz. Izan ere, udal gobernuak arreta berezia eskaini dio legealdi hasieratik hezkuntzari eta horren erakusle dira, esaterako, Maria eta Jose ikastetxearekin sinatutako lankidetza hitzarmena edota Herri Eskolako eraiki berriaren proiektua bideratzeko Eusko Jaurlaritzatik lortutako inbertsioa. Ildo beretik, gaurkoan onartutako mozioaren bitartez hezkuntza mota guztiak bermatu, babestu eta sustatzeko konpromisoa berresteaz gain, udalbatzak azpimarra berezia jarri du lanbide heziketan eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, etorkizunean ere, hezkuntzan edota lanbide heziketan egin behar diren inbertsioei erantzun integrala emateko kontu sailak sortu eta bultzatzea, baita eskualdeko enpresen eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea, programetan parte hartuz eta hitzarmenak sinatuz.

Amaitzeko, mozio horren berri EAE-ko Legebiltzar taldeei, Hezkuntza Sailburuari, Urola Kostako Udal Elkarteari eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeei ematea onartu da.