Euskararen noranzkoan gidatzeko

2009/06/04

Eskualdeko Udalek, Udal Elkarteak eta eskualdeko autoeskolek elkarlanean, B1 gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimena prestatu dute.

 

Euskararen semaforoan argi berdea ikusiko dute aurrerantzean gidabaimena euskaraz atera nahi duten herritarrek. Eskualdeko Udalek, Udal Elkarteak eta eskualdeko autoeskolek elkarlanean, B1 gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimena prestatu dute bailara osorako.

Zumaiak ere parte hartuko du ekimenean. Zumaiako Udala ekimenaren sustatzaileetako bat izateaz gain, herriko bi autoeskolek agertu dute jada euren ikasleei euskaraz irakasteko aukera eskaintzeko konpromisoa. Joan den ostiralean sinatu zuten Udal Elkarteak, Udalek eta autoeskolek ekimena babesteko hitzarmena.

Eskualdeko hainbat datu soziolinguistiko hartu dituzte kontutan ekimena abian jartzeko. Izan ere, urtean zehar B1 gidabaimena ateratzen duten herritarren %85 inguru 18 eta 19 urteko gaztea dira. Gure eskualdean adin horretako gazteen %90 elebidunak dira eta gehien-gehienek D ereduan egin dituzte ikasketak.
Kartela

 Eskuliburua eta programa informatikoa

Debagoienako Mankomunitateak, AEOL (Autoescuelas On Line) enpresa valentziarrarekin elkarlanean prestatu eta garatu dute gidabaimen arrunta (B1) euskaraz ateratzeko eskuliburua eta programa informatikoa. Urola Kostako Udal Elkarteak material hori erabiliz eskualdean ekimena abian jartzeko urratsak eman ditu.

Euskarazko 500 eskuliburu banatuko dizkiete Urola Kostako Udalek eskualdeko autoeskolei. Eskuliburuak Trafikoko Zuzendaritzak erabiltzen duen terminologia eta hizkera erabiltzen du, eta beraz, egokituta dago. Doan emango zaio gidabaimena euskaraz atera nahi duenari eta horrez gain, sustapen kanpaina bat ere aurrera eramango dute.