'Euskaraz kontsumitzen duzu?' inkesta erantzun dutenen %89a gusturago sentitzen da euskaraz egin dezaketen establezimenduetan
Zumaiako Udalak merkataritzan euskara bultzatzeko ekimenaren baitan egin du inkesta eta antolatzaileak “oso pozik” daude herritarrengandik jasotako erantzunarekin, 196 lagunek parte hartu baitute.
Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin eta merkataritzan euskara bultzatzeko ekimenaren baitan, ‘Euskaraz kontsumitzen duzu?’ inkesta egin berri du herritarren artean. Inkestaren bidez, Zumaiako bezero euskaldunek erosketak egiterakoan edo taberna eta jatetxeetan zein hizkuntza erabiltzen duten ezagutu nahi zuen Udalak. Horrekin batera, herritarrak honen inguruan pentsatzera bultzatu nahi izan dira.
Denera, 196 lagunek parte hartu dute ekimenean eta antolatzaileak gustura daude herritarrengandik jasotako erantzunarekin. Emaitzak ere eskuartean dituzte dagoeneko eta horien arabera, inkesta erantzun dutenen gehiengoak (%86k) erosketak egiterakoan lehenengo hitza euskaraz egiten du beti.
Norberak euskaraz egin eta dendariak/tabernariak elkarrizketa gaztelaniaz jarraitzen duenean (euskaraz eskatutakoa ulertzen duela adieraziz), ia erdiek erantzun dute euskaraz egiten jarraitzen dutela (%48,5), biek elkar ulertzen baitute. %32,6k, berriz, batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz egitea arraroa egiten zaiela aipatu dute.
%89a gusturago euskaraz
Inkesta erantzun dutenen %89k diote gusturago sentitzen direla euskaraz egin dezaketen establezimenduetan. Horietako batzuk, gainera, euskaraz egin ahal izatea kontuan hartzen du establezimendua aukeratzerakoan eta merkatariak euskaraz agurtzea ere eskertu egiten dute gehienek.
Maiatzean jarraituko du kanpainak
Ekimenak jarraipena izango du maiatzean. Zehazki, beste inkesta bat zabalduko du Zumaiako Udalak, baina, oraingoan, merkatariei zuzendutako inkesta izango da. Aurreko inkestak bezalaxe, inkesta honek ere helburu bikoitza izango du antolatzaileen arabera: “batetik, merkatarien hizkuntza-jarrerak eta jokabideak ezagutzea eta, bestetik, inkesta betetzerakoan norberaren jarrera eta jokabideei buruz pentsaraztea”.
Inkestako emaitzak eta ondorioak jasotzen dituen dokumentua osorik ikusteko klikatu hemen.



