Euskarazko lehen pop-up bilduma, Zumaiako Udalaren eskutik
'Flysch pop-up' bilduma aurkeztuko du gaur Irene Irureta egileak. Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Zumaiako Udalaren eskutik argitaratu du Iruretak, eta mota horretako euskarazko lehen liburua da.
Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelopean irakurzaletasuna sustatzeko jarduera sorta ari da izaten aste honetan. Zumaiako sortzaile baten aurkezpena izango da gaur, osteguna: Irene Iruretak Flysch pop-up bilduma aurkeztuko du, 19:00etan Oxford aretoan.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin eta Zumaiako Udalaren bekari esker ondu du liburua Iruretak. Artista zumaiarrak ilusioarekin bizi du liburuaren aurkezpenaren bezpera: "Erditze bat bezala da, azken finean, prozesu oso luzea izan da-eta orain dela urte eta erdi hasi nintzenetik". Iruretari betidanik asko gustatu izan zaizkio irudi altxagarridun liburuak eta Euskal Herrian euskaraz egindakorik ez zegoela konturatu zenean erabaki zuen bat sortzea. "Proiektu pertsonal gisa hartu nuen", dio paper ingeniariak.
Zumaiako alkate Iñaki Ostolazaren aburuz ere herritar batek horrelako liburu bat egitea oso garrantzitsua da. "Gure seme-alabak horrelako liburuekin ibiltzen zirenean, gaztelaniaz edo ingelesez sortuak eta itzulitakoak izaten ziren. Orain, euskaraz ekoiztu eta idatzi den lehendabiziko pop-up liburua zumaiar batek egitea eta aurkeztea harrotasunez betetzen gaitu. Euskara eta kultura sustatzeko ematen ari garen beste urrats bat da", adierazi du Ostolazak.
Liburuan zehar tartekatzen diren lau testu ilustratu eta beste hainbeste altxagarrien bitartez, Geoparkean eman diren Lurraren Historiako une esanguratsuak irudikatzen dira, hala nola, flyscharen sorrera, dinosauroen desagerpena, Historiaurreko gizakien arrastoa Ekain kobazuloan... Haurrek modu dibertigarrian historiaz ikasteko aukera paregabea eskaintzen du bildumak eta, gainera, letra larriz idazten den Historia hori bizi diren ingurunean bertan gertatu zela jabetzeko balioko die.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa den Asier Hilario geologoak aholkulari eta gidoilari lanak egin ditu liburuan. Hilariok aitortu du "ilusio handia" egin ziola bertako artista baten proposamena jasotzeak: "Balio berezia ematen dio, gainera, proiektua oso ondo egokitzen da Geoparkearen estrategiarekin: bertan egindakoa da; gure lurraldearen balio natural, geologiko eta kulturalen dibulgazioa egiten du; eta euskaraz da. Hiru gauza hauek ondo definitzen dute Geoparkea zer den eta zertarako den".
Flysch pop-up liburua dagoeneko salgai dago Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan, 25 euroren truke. Gainera, liburu-dendetan eta papertegietan ere aurki daiteke.



