Euskaren Nazioarteko Egunean ekintza ugari izango dira herrian

2011/12/02

Euskararen astearen harira, atzo Julene Azpeitia lehiaketako sari banaketa egin zen.

 

Badoa aurrera Euskararen Astea eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan, Julene Azpeitia lehiaketako sariak banatu ziren atzo, abenduak 1, Alondegian.  Yoseba Peña eta Jon Joseba Aizpurua herritarrak jaso zituzten lehen eta bigarren saria, hurrenez hurren. Asier Arakistainek, berriz, zumaiar onenaren saria jaso zuen.

Hona hemen sarituez epaimahaiak esandakoa:

1. saria. Yoseba Peñarentzat izan da Pantera elurretan bezala ipuinari esker eskuratu du. Ipuinik onena izan da, patriarkaren erorketa tarteko familiaren erradiografia ondo eraikia erakusten du ondo egituratua eta ondo bukatua. Gaur eguneko arazoei erantzuna ematen die, gaur eguneko estilo berrian idatzia dago eta metaforen erabilera ere azpimarratzekoa da epaimahaiaren iritzian.

2. saria. Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du aurten Lasturko arima galdua ipuinarekin. Jon Josebak behin baino gehiagotan irabazi du Zumaiako onenaren saria; aurten, ordea, bere ipuina onenen artean dagoela iritzi dio epaimahaiak egunerokotasuna eta gertutasuna fikziora eramateko izan duen abildadeagatik. Ipuinak suspensea ondo mantentzen du, ondo idatzia dago, korapilo asko ditu baina guztiak ondo lotuta daude, eta erritmo bizia erakusten du.

Zumaiar onenaren saria. Asier Arakistaini eman dio epaimahaiak Txalupa zaharra, ur egarri izeneko ipuinarengatik.  Irakurlea berehala identifikatzen da ipuin honetako pertsonaiekin, ondo egituratutako ipuina da, trama errazekoa eta espero gabeko bukaera duena.

 

Bihar, Euskararen Eguna

 

Bihar, abenduak 3, izango da Euskaren Nazioarteko Eguna, eta egun osoan ekintza ugari izango dira herrian. Hona hemen egitaraua:

- Eguerdiko 12:00etan, katxaperoak eta kalejira Musika eskolako trikitilariekin, Sagarbide inguruan hasita.

- Eguerdiko 12:30ean, Itsas kiroldegitik irtenda. Zumaian Saltaka euskararen alde Gernika parkea, Moilaberriko zubia, Pulpo aurretik Erriberan sartu eta Beheko plazan bukatu.

(helduen kamisetak aurrez salgai turismo bulegoan, 5 €-an).

Bukaeran, bertsolariak eta trikitilariak. Ondoren, salda eta txorizoa Torreberrin.

- 13:15 inguruan “Zumaian euskaraz erosi” zozketa.

- 13:30ean hasita,  kantu-saioa Kofradiatik hasita (Zumaiako Kantuzaleak).

- 14:30ean Beheko plaza jatetxean bazkaria. Sarrerak salgai Turismo Bulegoan, Metro tabernan, Nikolen eta Beheko plaza jatetxean bertan (10 €).

Bazkalondoan bertsoak, kantuak eta giro ederra.

- 22:30etik aurrera, erromeria Torreberri gaztetxean, ZORTZI IPURDI taldearekin.

 

ABENDUAK 4, IGANDEA

- Arratsaldeko 16:30ean euskarazko zinema haurrentzat.